INUN kantautoreak ‘Da nola’ izeneko bere bigarren diskoa aurkeztuko du Kafe Antzokian

MIKEL INUNZIAGA: “Lan berri honekin kamaleonikoa izaten ikasi nahi dut”
Bihar, urriak 20, Mikel Inunziagak bere bigarren diska aurkeztuko du Kafe Antzokian

-Nola sortu zen bigarren CD hau?
2015 eta 2016. urteetan Gutun Zuria jaialdian parte hartu dut, eta 2015ean Bernardo Atxagak egindako ‘Egunak ba doatsi’ emanaldian ere kolaboratu nuen. Ekitaldi horietarako musikatu nituen poemek osatzen dute disko hau. Kanta guztien hitzak euskal idazleen poemetan oinarrituta daude. Hori da disko honen berezitasun nagusia.

– Nola hautatu zenituen poemak? Badute komuneko hari edo ezaugarririk?
Esan bezala, kanta hauek azken aldian parte hartu dudan emanaldi literarioen fruitu dira. Gutun Zuria jaialdiak urtero gai orokor bat proposatzen du. 2015ekoa ‘eros’ izan zen, eta 2016koa, ‘delitua’. Atxagarekin batera egindako emanaldian bere bi poema musikatzeko enkargua izan nuen. Hau da, ekitaldi bakoitzerako gai jakin batera egokitu behar izan nintzen kantak egiteko orduan. Beraz, disko honetan badaude erotismoarekin harremana duten sei kanta, delitua oinarri duen kanta bat, eta, horrez gainera, Atxagaren bi poema.

– ‘Da nola’. Zergatik titulu hori?
Hitz horiek diskorako musikatu dudan Karmele Igartuaren olerki batetik datoz. Olerkian egiteko moduari ematen dio garrantzia Karmelek. Diskoari izenburu hori jartzea ideia polita iruditu zitzaidan, nik ere disko honetako poema bakoitza melodia egokiarekin uztartzeko moduari eman baitiot garrantzia.

– Eta diskoan Atxagaren poema bi musikatu dituzu, biak ere nahiko ezagunak. Esaterako, ‘Egun Finlandiar bat’, Garik moldatu zuena, aspaldi.
Poema hau irakurtzean atmosfera dentso eta malenkoniatsua, espazio natural erraldoiak irudikatzen ditut. Musikarekin ere horrelako irudiak transmititu nahi izan ditut; erritmo eta akorde pisutsuen bidez, soinu espazial batekin konbinatuz.

– Eta ‘Harea’ ere hortxe da…

Bernardo Atxagaren poema honek esperantzarik gabeko espazio suntsitu eta arrotz batera eramaten nau. Abestian zehar, kantatzeaz aparte errezitatu ere egiten dut, poemaren errima aldakorrak eta hitz mistikoak hala eskatu baitidate. Kanta sakon eta hipnotikoa egiten saiatu naiz, poemaren berbei bere pisua ematez.

– Eta diskoa bertso zahar batekin zarratzen duzu…

‘Estudiante kondenatua’ du izena, bai. izenbako bertso-sorta honetan heriotzara kondenatua dagoen gazte baten istorioa kontatzen da, lehen pertsonan. Bertso-sortak aurrera doazen heinean istorioa gehiago gordintzen da eta nik apurka-apurka hasten eta handitzen doan doinu berri batekin jantzi dut. Istorio gordin eta triste hau modu epiko baten egiten saiatu naiz.

– Euskaraz kantatzen duzu, baina zu gazteleraz hasi zinen kantatzen. Zergatik aldatu zenuen zure joera?

Bai, lehen ez nintzen kontziente euskara sustatzeak dakartzan gauza on guztiez. Euskara sustatzea nork berea zaindu eta transmititzea da, txikia zaintzea. Hori eta askoz gehiago da euskaraz egin eta abestea. Lehen ez nintzen horren jabe; orain, zorionez, bai

– Eta zein da zure ametsa, zure gogoa?
Ez zaizkit amets handiak irudikatzea gustatzen, arriskutsuak dira. Helburu handiek porrot ugari ekar ditzakete; apalek, ordea, gozatzeko aukera gehiago. 2014an ‘Berreginez’ diskoarekin hasitako bidearekin jarraitzea da nire gogoa, eta bidaia horretan ikasi eta gozatzea.

Artículo anteriorHALLOWEEN 2016
Artículo siguienteCompra con Arte