Barrualde-Galdakao ESIan, arnas sintomak dituzten eta arreta medikua behar duten pertsonentzako erreferentzia zentroak bederatzi dira. Horietako bat, Laudioko osasun zentroa da. Idurre Artetxe zornotzarra, erizain lanetan ari da bertan.
Bizitzen ari garen egoera honek, fikziozko film bat ematen duela aitortu digu Idurrek. “Une oro prest egon behar dugu datorrenerako. Pandemia honek esku-hutsik harrapatu gaitu eta gutariko askori gure materiala prestatzera derrigortu gaitu: pantailak, maskarillak…”. Osasun zentroak, ospitaleetan eman daitezkeen kolapsoak saihesteko “filtro” moduan jarduten ari direla azaldu digu erizain honek. “Larri dauden gaixoak soilik bidaltzen ditugu ospitalera, betiere dituzten sintomak eta birikietako plakak kontuan hartuta”.
Laudioko zentroan, beste zentro batzuetan bezala, neurri bereziak hartu dituzte gaixo guztien segurtasuna bermatzeko. “Zentroan atzera daitezkeen kontsulta presentzialak atzeratu ditugu eta espazio ezberdinak egokitu ditugu atzeratu ezin diren lanetarako (sintroi kontrolak, injekzioak, sendatze lanak, larrialdiak, etxeetako abisuak…). Arnas sintomak dituzten gaixoentzako, aparteko esparru bat antolatu dugu kontsulta guztiak behar bezala erantzuteko. Gainera, etxez etxeko zerbitzua ematen gabiltza beharrezkoak ditugun EPIekin hornituta dagoen auto batekin.”
Euskadin 400 hildakoen langa gainditu duen izurri honek, baldintza ezberdinetan lan egiten irakatsi diela aitortu digu Idurrek. “Estresa, estutasuna, beldurra eta ezjakintasuna sufritzen ditugu egunero. Hala ere, gogo handiz ekiten diogu momentu oro gure lanari, horretarako bait gaude.”