Garbiketa lanak Ibaizabal ibaiaren zatirik handienean egin dira.
Jasotako hondakin-bolumenak aurreko edizioak baino dezente handiagoak izan ziren.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bukatutzat eman ditu Ibaizabal ibaia eta honen ibaiadarrak garbitzeko lanak. Lantegi Batuak Fundazioko lau langile aritu dira lanean, bi ibaiertzetan utzitako plastikoak eta hiri-hondakin solidoak biltzen. Ibaizabal ibaiaren zatirik handietan egin dituzte garbiketa-lanak: San Martin urmaelean, Bekoerrekan (Arreibiko eta txakurguneko eremuetan), Tantorta errekaren eremuan eta Garitondori dagokion zatian, Ojenbarrena aldean, bokaleraino. Ibaiaren zati batzuetan sastrakak garbitu behar izan dituzte, sartzea ezinezkoa zelako.
575 kilo hondakin eta hondakin solteak
Garbiketa lanei esker, Ibaizabal ibaitik eta ibaiadarretatik 45 poltsa hondakin atera zituzten: guztira, 575 kilo. Poltsa horiez gain, tamaina handiko elementuak ere atera zituzten ibaitik eta honen ertzetatik: supermerkatuko bi karro, sofa bat, 3 palet, parkeko eserleku bat, esekitoki bat, arropaz betetako maleta bat, botak eta oinetakoak, pertsiana bat, obrako apalak…
Garbiketa, auzolanean
Amorebieta-Etxanoko Udalak, osasun egoerak ahalbidetzen duenean, Ibaizabal ibaia eta ingurua garbitzeko jardunaldia antolatu nahi du udalerriko ikastetxeetako ikasleekin eta boluntarioekin batera auzolanean. Jardunaldi hau aurreikusia dago Eskola Agenda 2030erako, iraunkortasunerako hezkuntza-programa barruan. Jarduera hauen helburua da herritarrak sentsibilizatzea eta ingurumena zaintzea. Hori dela eta, Udalak laguntza eskatu nahi die herritarrei, ibaietan eta ibaiertzetan hiri hondakin solidorik ez pilatzeko.