HAIEI ESKERRIK ASKO! BAITA ZUEI ERE!

​Etxean komentatuta erronkari heldu diot, baina onartu behar dut ez dela batere lan erraza, igandean Bizkargin bizitako guztia hitzez islatu eta eskertzea.

​Aurrena aitortu behar dugu 82 urte eta gero, Joxe Apaolaza Oiarbidek, nekez izan zezakeela omenaldi ederragorik. Nork esango ote zion bertan eritua izan zen 23 urteko gazte gabiritar harri, 82 urte geroago eta Ikurriñaren azpian, Bizkargin ehunka lagun elkartuko ginela, une hartan gerra galtzeko bidean zeuden Eusko Gudariak omentzera?

Antolatzaileei ez dakit zenbat aldiz eman dizkiegun eskerrak, baina iruditzen zaigu, omenaldi horretan jasotakoak, dagokion esker ona ematea baino askoz ere gehiago behar duela, igandean ez baitzen ezer bukatu. Horregatik eta karta hau bitarte dela, mahai gainean hiru hausnarketa jarri nahi ditugu:

1.- Transmisioaren garrantzia.- Gehienetan beldurrarengatik, baina agian beste batzuetan lotsarengatik, Eusko Gudariak gerra galdu zutelako estigmatizatuak, eta gerraosteko errepresioaren ondorioz ahaztaraziak izan dira. Horren aurrean eta hasiera baten etxeko sua izan da, euren oroimena bizirik mantendu duen ia bakarra. Gurean, amonarengandik askotan entzun dugu bere neba nola joan zen, abiatu aurretik Baserriaren atarian negarrez geratzen zen bere arrebarik txikiena kontsolatzera, lau aldiz itzuli zela, eta zenbat aldiz, amonaren kezka, bere neba non hil zuten ez zekielako. Igandeko omenaldiaz geroztik, osabaren kontua, etxean “gai delikatua” izatetik, harrotasun motiboa izatera igaro da eta poztekoa da, Eusko Gudari baten senidea izatea ez baita gutxiagorako.

2.- Herri Elkarte memorialisten lanaren garrantzia.- Informazioa bilatzea oso, oso zaila da. Artxibategi desberdinetan guztiz sistematizatuta ez dagoen informazioa ikaragarria da eta zerbait lortu ahal izateko benetako inurri lana egin beharra dago. Bilaketa lanetan jende asko ezagutzeko aukera izan dugu; batetik, datuen babeserako legearen intepretazio okerra egiten zuen funtzionariren bat, eta bestetik, beren laguntza eta aholkuak eskaini izan dizkiguten herri-langile eta bolondresak, informazio apur bat pilatuta, nahikoa izan baita Herri Elkarteren baten atea jotzea, atea guztiz irekita aurkitzeko. Ez dago hitzik Elkarte memorialistetako ordezkariek aurreneko momentutik eskaintzen duten harrera, laguntza eta enpatia deskribatzeko. Hori dena banakako kasuan, baina talde ikuspegitik goraipatu beharra dago, urtetik urtera oroimena bizirik mantentzen duten Elkarte hautetako lan bolondres eta militanteak, Bizkargi Eguna bezalako ekimenak antolatzen.

3.- Herri Ekimena bultzatu beharra.- Memoriaren arloan ere, Herri Ekimenak Instituzioen aurretik doaz eta Goldatu Elkartearen izenean Josu Ibargutxik adibide argia jarri zuen; beldurra ez bada, eta Legebiltzarrak egun duen osaketari erreparatuta, 2.019. urtean zein arrazoi egon daiteke Euskadiko Erkidegoan, gerra eta frankismoko biktimak eta bereziki Eusko Gudariak lege bitartez aitormenik ez izateko? Gure errepresaliatu eta Gudariak ahazten baditugu, sekulan ez gara Herri libre izango, ezta duina ere.

Zentzu horretan poztekoa da Goldatu Elkarteak abian jarriko duen ekimena, errepresaliatu eta Eusko Gudarien memoria aitortzeko Herri Ekimen Legegile batena eta horri begira, sinadurak biltzeko iragarri zuen erronkari gogoz helduko diogu.

​Beraz, igandean omentzeaz gain, eskerrak eman genizkien Eusko Gudariei, izan zuten eskuzabaltasuna, maitasuna eta Herriarekiko erakutsi zuten konpromisoarengatik, horren ostean eta familiaren izenean eskutitz hau baliatu nahi dugu euren lana goraipatuz Euskal Herriko Elkarte memorialistei eta bereziki Larrabetzuko taldeari eta Bizkargi Gogoratuz Elkarteari publikoki eskerrak emateko, bide batez adieraziz, urtero sustatzen jarraitu behar ditugun ekimenez gain, Herri Ekimen Legegile hori ere guztion aurrean aurrera aterako dugula.

Apaolaza sendiaren izenean

Esther IRASTORZA APAOLAZA

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2019

Ir arriba.