«Gure etxeetako leiho eta balkoietatik jarraituko dugu, elkartasuna adierazten osasungintzan, Zerbitzu Sozio Sanitarioetan eta funtsezko zerbitzuetan, pandemia gainditzeko, bizitza arriskuan jartzen duten pertsona guztiei», iragarri dute pentsionistek. «Gure elkartasuna adierazi nahi diegu, hurbileko pertsona galdu duten guztiei eta egoera horren ondorioak jasaten ari direnei, batez ere, bere etxeetako bakardadean edo egoitzetan. Baina gaur egun ez da nahikoa elkartasuna erakustea zahar egoitzetan isolaturik dauden pertsonekin. Haiek ezin dute baina guk ahal dugu eta exijitzen dugu, behar diren osasun, prebentzio eta laguntza-baliabideak egotea, behar bezala erantzuteko. Erabiltzaileen elkarteek aste honetan eskatutako aldarrikapenak babesten ditugu», esan dute ohar baten bidez.
Guzti horregatik, berriro ere exijitzen dugu:
– Ekonomiak behar kolektiboak eta pertsonalak asetzea izan behar du helburu, eta ez gutxi batzuen aberastasuna.
– Osasuna eta mendekotasunaren arreta ezin dira inorentzat negozio izan.
– Krisi hau ezin da konpondu soldata sarrerak galduz eta prestazio eta zerbitzuak murriztuz.
– Gobernuek, behar diren erabaki politiko eta ekonomikoak hartu behar dituzte, krisian eta krisiaren ondoren pertsona guztiek bizi-baldintza duinak lor ditzaten, kalitatezko enpleguaren, pentsio duinen, zerbitzu publiko unibertsalen eta behar adinako prestazioen bidez.