Gatazken konponketa, ikasturte berrirako ikasleen egokitzapen prozesuko ezinbesteko tresna

Ikasleak ikastetxearekin harremana berreskuratzen duen momentutik, Karmengo Ama Ikastetxeko irakasle taldeak proposatzen dituen ekintzak hezkuntza helburu argi bati lotuta doaz. Hau da, ekintza, ariketa eta jolas orok, baita aisialdia ere, beti ere familia giro batean ikaslearen egokitzapena erosoa eta baikorra izan dadin du helburu.
Batzuentzako labur eta besteentzako luze bilakatu den uda ostean, iraila, gehienei, eguneroko errutinetara itzuli behar dugula esaten digun hilabetea da. Etxeko txikien kasuan, klasera. Ikastetxera bueltatzeak zirrara eta baita urduritasun handia ere sorrarazten dizkio gure gazteei. Ikasle gehienak txikitatik elkar ezagutzen dutenez, lehenengo orduak eta elkar aurkitzearekin datozen tentsioak pasata gure seme-alabak ikasturteari normaltasunez aurre egiteko prest daudela uste dugu askotan. Baina ez.
Amorebietako Karmengo Ama Ikastetxeak ez bakarrik lehendabiziko egunak baizik eta hilabete osoa erabakigarria dela baieztatzen du. Bizkaiko karmeldar ikastetxeko zuzendari pedagogikoa den Kristina Gonzalezen hitzetan, “Bi hilabetetako oporraldiak eskola inguruarekin zer ikusirik ez daukan errealitate batera ohitzeko nahikoa dugu. Beraz, errealitateen arteko saltoak kalitatezko hezkuntzan oinarritutako trantsizio prozesu bat eskatzen du. Harrera planak biltzen dituen ekintzak, guretzako lehentasuna direnak, ikasgelan jorratzen dira ikasturtearen lehendabiziko hilabetean zehar”.
Teknologia, robotika, kultura, elkartasuna… Ikasturtean zehar Karmengo Ama ikastetxean izaera anitzak dituzten proiektuak jorratzen dira. Hala ere, gai guztietan ikasketa kooperatiboan, hau da, talde lanean eta elkarbizitzan arreta berezia jartzen da. Testuinguru horretan, ugariak eta ekidin ezinak dira adiskide artean gauzatu daitezkeen gatazkak edo arazoak. Horrela ba, Karmengo Ama Ikastetxeko irakasle taldeak, ikasleei errespetua eta maitasuna oinarri hartzen dituzten erreminta nahikoak eskaintzen dizkiete hauek bai ikastetxe edo familia giroan arazoak konpontzeko gaitasunak izan ditzaten.
Kasu honetan tresnak izen-abizenak ditu: Gatazken konponbidea. 2015. urtetik aurrera bai Karmengo Ama Ikastetxeko profesional taldeak eta baita familiek ere, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta Bakeagatiko kulturan aditua den Paco Cascónen eskutik formakuntza jasotzen hasi ziren eta “Gatazkarako heztea” kontzeptua oinarri hartu zuten harrera plan propioa abian jartzeko. Ondorioz, lankidetza eta bitartekaritza gatazken prebentziotik jorratzeak Karmengo Ama Ikastetxea hezkuntza joera aurreratuenekin lan egiten duen ikastetxe berritzailea dela argi usten du.

Artículo anteriorJOSU URIGUEN FICHA POR EL ATHLETIC DE BILBAO, LIGA GENUINE
Artículo siguienteSophié et Voilá; Saioa Goitia una empresaria de alta costura