Familia-habiak haurren zainketarako

Aitziber Zuazo zornotzarrak martxan jarri du haurren zaintzarako Haur-etxea izeneko zerbitzua. Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailari dagokio zerbitzu hau eta ez hezkuntza sailari. Izan ere, familia eta lana uztartzea du helburu ekimen berri honek. Euskadin 17 bat familia habi daude momentuz Agintzari kooperatibaren barruan antolaturik.
Haur-etxea zerbitzua zaintzailearen etxean eskaintzen da. Era horretan bere etxea Familia Habia bihurtzen da, haurtxoak zaindu eta hartzeko bereziki egokitutako eta hornitutako etxe bat. “Materiala berezia behar dugu, entxufeak eta berogailuaksegurtasun neurriekin babestu, etabar”.
0-3 urte bitarteko haurrak zaintzeko alternatiba da, eta asko jota 4 haurtxorekin osatutako taldeetan gauzatzen da, Familia Habia bakoitza. “Guk aukera dogu gure seme-alabez gain beste 4 ume eukitzea, baina nik momentuz nire seme txikia eta beste hiru zainduko ditut”.
Profesionalak eta konfiantzazkoak dira Haur-etxean lan egiten dutenak eta prestakuntza berezia eta akreditatua izan dute familia-habia zerbitzuko lanean jarduteko beren etxeetan. “Familia Habian konfiantzazko zainketa eskaintzen dugu. Gure proiektu pedagogikoa banakako arretan oinarritua dago eta haurtxo bakoitzak dituen premia eta garapen-erritmoetara egokitua. Ikastaro berezi bat egin behar dugu”.
Haur-etxean duten ordutegia malgua da. “Nire kasuan zortzi orduko zerbitzua eskaintzen da, baina beti eguneko ordutegian eta familien premietara egokituta. Goizeko 7:30etatik arratsaldeko 15:30 gaude. Familiekin dugun harremana hurbiltasunean, konfiantzan eta etengabeko komunikazioan oinarritua dago”.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.