Eta ni begira, Eztandap-en bigarren diskoa da. Beraiekin egon gara diska berriaaren inguruan hitz egiteko eta taldea pixka bat gehiago ezagutzeko.
Zornotzako talde bat bezala aurkezten zarete?
Eagaz batera, bai. Eako baserri batean egiten ditugu entseguak, eta Zornotzako Zelaietako entsegu lokaletan ere. Aratz (bateria), Txonan (baxua), Melaz (abeslaria) eta Asier (gitarra) Zornotzakoak. Goiko (gitarra) Eakoa da. Bizkaiko talde bat garela esango genuke!
Nola sortu zen taldea?
Asier eta ni (Goiko) unibertsitatean ezagutu ginen. Biok jotzen genuen gitarra, antzeko gustuak genituen eta bertan hasi ginen pentsatzen zerbait egin behar genuela. Ane Barrenetxea, egun Suako abeslariarekin batera etortzen ginen Zornotzara entseguetara. Handik aurrera taldeko kide desberdinak izan genituen. Anek beste bide bat hartu zuen eta orduan Melaz etorri zen abeslari gisa. 2019an Aratz eta Txonan gehitu ziren. Ordutik bostok jarraitzen dugu batera.
Ze musika mota egiten duzue?
Rockeroa. Nahiz eta gure soinua oso definituta ez eduki, azken diskan identitate propio bat sumatzen dela uste dugu, horrela esan digu Martinek behintzat, gure estudioko teknikoak. Egia esan, ez dugu ia efekturik sartu, grabaketa zuzenean izan da eta oso garbia. Soinu potentea, alaia eta letrak argi entzutea zen helburua. Beharrezkoa bakarrik itxi dugu, gainontzeko guztia kanpoan geratu da.
Nolakoa da abestiak sortzeko prozesua?
Normalean nik izaten dut lehenengo idea (Asier). Letra idatzi, riff bat sortu eta taldearekin batera entseguetan landu egiten dugu. Base bat jarri eta inprobisatu egiten dugu, jolastea bezalakoa da. Bakoitzak bere ataletik gehitu egiten du eta horrela osatzen ditugu abestiak.
Zertaz hitz egiten dute zuen letrak?
Letra gehienak introspektiboak dira. Hondartzatik paseoan zein autobusean noanean ikusi edo pentsatzen ditudan gauzetaz hitz egiten dut. “Beroketa” adibidez hori bakarrik da, jotzen hasteko prestaketa, besterik ez. “Gaur ere” rutinari buruzkoa da, egunero lanera…, “Eta ni begira” pandemia garaiakoa, Donostin nengoela ikusten nuena begirale gisa. Aldarrikapenak ere badaude baina oso begirada pertsonaletik. “To defend myself”-en nire askatasunaren apologia egiten dut. Eta gai unibertsaletarako baita uzten dugu tartea. “Zugan” adibidez, amodiozko balada bat da. Eta “Desidia” osasun mentaleko arazoez hitz egiten du. Euskaraz eta ingelesez abesten dugu. Ikusten duzunez, denetarik dago.
Nolakoa izan da diskaren harrera zuzenean?
Zornotzako Musika Bandarekin egindako kontzertua ikaragarria izan zen. Abeslaria (Melas) gaixotu egin zen eta urduri samar egon ginen azken momenturarte. Azkenean ez zen guztiz errekuperatu baina kontzertua aurrera eraman genuen. Amaieran kritika positiboak baino ez genituen jaso, beraz oso pozik gaude emaitzarekin. Gure musika horrelako banda batekin entzutea ikaragarria izan zen eta bizitza osoan gogoratuko dugu esperientzia hau. Eskertzekoa Aritz Labradorrek egindako lana proiektu honetan eta gure taldearekin kontatu izana. Ohore bat da Zornotzako kulturaz hainbeste arduratzen den zuzendari bat izatea Zornotzako Bandan.
Diskaren aurkezpena ere itzela izan zen kontzertuan. Azkenean Krüddo taldea ezin izan zen etorri osasun arazoak zirela eta, baina Blanco y en Botellarekin batera Unicorn Riders ere etorri ziren gure aurkezpen egunean parte hartzeko baita ere. Jendea oso animatuta agertu zen, abestiak jarraituz eta gurekin abestuz. Kontzertu honen kritikak ezin hobeak izan dira eta jendeak guztioi zoriondu gaituzte kontzertuaren ostean. Orain bertan jarri dugun maila mantentzea zaila izango da, baina horrela egin beharko dugu hurrengo kontzertuetan.
“Euskadin Rock-& Rollak ez du dirurik emoten” abesten zuen Hertzainak. Horrela da?
Bai, ezin zuten argiago esan. Gure kasuan orain arte lortu dugun diru guztia tresnetan inbertitzeko izan da. Eta noski, gure poltsikotik jarri dugu ere, nahikotsu. Ez tresnetan bakarrik, diskak grabatzeko gastua ere gurea izan da. Egia da gure ekipo propio daukagula eta kontzertu nahikotsu atera direla horri esker ere. Beraz, espero dugu zerbait berreskuratzea, baina ez guretzako. Talderako izango da guztia, hurrengo proiektuetarako.
Spotify eta Youtubez gain, diska fisikoa ere editatu duzue?
Bai, bai. CD-a atera dugu. Oso gustora geratu gara gainera diseinuarekin, oso txukun geratu da. Salgai dago Urtza eta Yalens tabernetan, Zornotzan. Eta bai, Sotify eta Youtuben ere entzun daitezke abesti guztiak. Instagramen ere jarraitu ahal diguzue, kontzertuen informazioa etab. bertan jartzen dugu. @EZTANDAP