EUSKARAREN ERABILERA ZORNOTZAN

2013ko abenduan, Soziolinguistika Klusterrak Amorebieta-Etxanoko hizkuntza-erabileraren kale neurketa, 2013 egin zuen, Amorebieta-Etxanoko udalaren eskariz. Hemen ikerketa horren ondorio nagusiak azaltzen dira, labur-labur:

• Behatutako elkarrizketen artean euskarazkoak %23,0 izan dira.
• Euskararen erabilerak Amorebieta-Etxanon ez du gorabehera handirik izan azken zazpi urte hauetan (2006an egin zen aurreko neurketa); zertxobait behera egin du, baina beherakada ez da esanguratsua izan lagin-akatsa kontuan hartzen badugu. Aurrera begira, garrantzitsua da beherako tendentzia horrek jarraipenik duen aztertzea.
• Bi zonalde neurtu dira, bietan jasotako erabilera-mailek ez dute alde handirik; hau da, batez bestekoaren pareko erabilera jaso da bi zonaldeetan.
• Hiztuna emakumezkoa ala gizonezkoa izateak ez du eraginik hizkuntza hautuan, izan ere, antzeko erabilera behatu da emakumezko zein gizonezkoen artean.
• Alde esanguratsuak antzematen dira erabileran datuak hiztunaren adinaren arabera aztertuz gero. Amorebieta-Etxanon, haurrek (2-14 urte) erabiltzen dute euskara gehien, ondoren helduek (25-64 urte) eta adinekoek (65 urtetik gora), eta azkenik alde handiarekin gazteek (15-24 urte). Bilakaerari dagokionez, haurren, gazteen eta adinekoen erabilerak behera egin du azken urteotan, eta helduen artean, adin-talde populatuenean hain zuzen, gora egin
du.
Elebidunen kopurua %52,9koa da, eta horren oso azpitik gelditzen da euskararen erabilera %23; badugu zereginik, beraz. Hala ere, datua pozgarria ez bada ere, bada itxaropenerako datu bat: gure herriaren ezaugarrien arabera, espero litekeen erabilera %21,5ekoa da.
Nahi duenak Amorebieta-Etxanoko hizkuntza-erabileraren kale neurketa, 2013 eskuragarri dauka Ametx.net web orriko Ametx erakunde autonomoa atalean, Gure produkzioa azpiatalean.

Artículo anteriorII FIESTA SOLIDARIA RECOGE MÁS DE 4.000 KILOS DE COMIDA
Artículo siguienteAMOREBIETA B TAMBIÉN ES DE PRIMERA