Euskaraldia ekitaldiz beteta dator Amorebieta-Etxanon

•  Edizio berria azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta zornotzarrek egunero izango dute ekitaldi ezberdinetan parte hartu eta euskaraz disfrutatzeko aukera.

Euskaraldiaren edizio berria hemen da: datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da. Hala, Amorebieta-Etxanoko Euskaraldiko batzordeak, Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako egitarau bete-betea aurkeztu dute datozen egun eta asteetarako. Antolatzaileek azaldu duten moduan, hasi aurreko egunean, azaroaren 17an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko da Euskal Herria plazan (Pike parkean); era berean, izena eman duten zornotzar guztiek ere euren txapak jasotzeko aukera izango dute bertan. Ordu erdi beranduago, 19:30ean hain justu, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan egingo den moduan, txapa-janzte bateratua egingo da eta argazki erraldoi bat aterako da jarraian. Horren ostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia izango da.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra

Euskaraldiko lehen eguna izango da azaroaren 18a, eta Udaletxeko plazatik, adarrak eta txalapartak lagunduta, dei egingo zaie herritar guztiei, Euskaraldian parte har dezaten; arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da hori. Ostean, Gorka Pagonabarraga eta Ander Aldazabal bertsolarien emanaldia izango da, eta nahi duten guztiek sagardo eta txistorra probatzeko aukera izango dute. Ekitaldiaren bukaeran, Soinutxikiek lagunduta, triki-poteoa egingo da herriko tabernetatik.

Azaroaren 19an, larunbatean, mendi irteera antolatu da Lemoatx mendira , Zornotzako Mendi Taldearekin batera. Irteera goizeko 10:00etan izango da Zelaietako iturritik. Eguerdiko 12:00etan mendi tontorrean batuko dira Ahobizieta Belarriprest guztiak argazkia ateratzeko, eta, ostean, luntxa izango da trikitilariek girotuta.

Azaroaren 20a familientzako eguna izango da; izan ere, arratsaldeko 18:00etan disko-festa izango da DJ Kaktusekin Zelaietako karpan. Euskaraz dantzatu nahi dogu ikuskizuna eskainiko du.

Azaroaren 21ean, Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK txapelketaren finalaurrekoa jokatuko da Zelaietako kontzertu gelan, arratsaldeko 18:00etan. Lea Artibai eta Uribe Kostako gazteak ariko dira bertsotan.

Azaroaren 23an, asteazkenean, futbolaren eta euskararen inguruko mahai-ingurua izango da Zornotza Aaretoan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Oihane Irazu kazetariak gidatuta, futbolean euskarak izan duen ibilbideaz hausnartuko dute hainbat aurpegi ezagunek eta herriko zenbait kidek. Bertan izango dira Xabi Etxeita (SD Amorebietako jokalaria eta Athleticeko jokalari ohia), Athleticeko nesken taldeko bi jokalari, Lutxi Real (Ikas-Txiki futbol eskolako arduraduna), Sarai Ugarte (Ikas-txikiko entrenatzailea eta Betigol taldeko jokalaria) eta Irati Lejarraga (Betigol taldeko jokalaria. 

Azaroaren 24an, ostegunean, Zubiaur musika eskolako eta Eta Abar bertso eskolako ikasleen emanaldia izango da Zornotza aretoan: Euskaraldiko koreografia, kontzertuak, bertsoak… Ostean, triki-bertso poteoa izango da Oihana Bartra eta Jone Uria bertsolariekin, Zubiaur musika eskolako trikitilariek lagunduta.

Azaroaren 26an, larunbatean, Amorebieta-Etxanoko gazteen txanda izango da: gaueko 21:00etatik aurrera giro ederrean arituko dira koadrilen arteko jokoak eginez, Iraunkor txarangak lagunduta, Luis Urrengoetxea kaletik aterata.

Azaroaren 27an, igandean, goizeko 10:30etik aurrera, truke merkatua eta enkantea izango dira Herriko plazan. Bertan, Ahobizi eta Belarriprest guztiek aukera izango dute etxean erabiltzen ez duten objekturen bat (edo batzuk) plazara eramateko eta bertan beste objekturen batengatik trukatzeko. Lau mahai jarriko dira herritarrek etxetik ekartzen dituzten objektuak uzteko: lehenengo mahaia jostailuena izango da, bigarrena liburu eta diskoena, hirugarrena arroparena eta laugarrena bestelako bitxikeriena (aurreko 3 taldeetan sartzen ez diren objektuena). Truke merkatuaren ostean enkantea ere izango da, eta herritarrek aukera izango dute hainbat objektu enkantean eskuratzeko. Laster Gabonak datozela aprobetxatuta, aukera polita izango dute herritarrek objektu zaharrak utzi eta berriak eskuratzeko; hori bai, trukea euskaraz egitea izango da helburua!

Azaroaren 28an, astelehenean, eskaladari buruzko dokumental bat eskainiko da Zelaietako auditoriumean: Amagana. Dokumentalak Itziar Zabala Dimako eskalatzailea du protagonista, Baltzolako erraietan, hasi eta segida duen istorioa. Bihotz Gorosperen ahots eta kantek laguntzen dute dokumentala, eta Zelaietan eskainiko den emanaldian Itziar eta Bihotz, biak izango dira. Itziarrek entzuleen galderei erantzungo die, eta Bihotzek zenbait abestirekin girotuko du emanaldia.

Azaroaren 29an, asteartean, Ahobizi eta Belarriprestguztiek elkarrekin euskaraz mintzapraktika egiteko aukera izango dute Zelaietako karpan, “Kafetan berbetan”ekimenaren baitan. Bertaratzen diren guztiek, kafe batek lagunduta, hainbat gairen inguruan taldetxoetan batu eta hitz egiteko aukera izango dute. 

Euskaraldiko azken egunean, abenduaren 2an, ostiralean, amaiera ekitaldia izango da Herriko Plazan. Bertan, hurreratzen diren guztiek Euskaraldian lortutako helburuak zeintzuk izan diren edo zenbatean bete diren irudikatu ahal izango dute, eta, ostean, argazki erraldoia aterako dute elkarrekin. Eguna kantu-poteoan bukatuko dute, Kittutaldearekin.

Ekitaldiei amaiera Euskararen Nazioarteko Egunak emango die; izan ere, egun horretarako Amets Arzallusek idatzitako “Miñan” liburuaren irakurraldia antolatu dute Zelaietako karpan goizeko 10:30etik 13:30era. Nahi duten herritar guztiek aukera izango dute liburuaren pasartetxo bat irakurtzeko. Horretarako, zornotzarrak.euskaraldia@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko da azaroaren 25a baino lehen, irakurraldian parte hartu nahi dela zehaztuz. Herritar bakoitzak liburuko paragrafotxo bat irakurtzea da asmoa, eta, horretarako, ehun herritar behintzat animatu daitezela nahi dute antolatzaileek.

Artículo anteriorEl Ayuntamiento de Amorebieta-Etxano se adhiere a la campaña de recogida de productos técnicos de apoyo
Artículo siguienteEntra en funcionamiento el nuevo ascensor de Kaitana