Errugbia, zaletasunaren ezustea

Amaia Larruzea
Duela urte eta erdi inguru, bazen Zornotzan bolo-bolo zabaldu zen mezu bat: hainbat neskek herri mailako errugbi talde bat sortu nahi zuten, eta jende bila zenbiltzan. Karmele Ranerok zabaldu zuen bidea; orduan, Getxoko Errugbi Taldea utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz, eta bakoitzean izen handiagoa hartzen ari zen bere zaletasun hori, herrira ekarri nahi zuen. Gutxi batzuk elkartu eta A Coruñako Errugbi Taldeko jokalari ohia den Argiñe Belakorturengana jo zuten, berak bere prestutasuna agertu, eta entrenatzaile lanetan jardun zuen Mexikora joan behar izan zuenera arte. Ondoren, Gorka Garate jokalariak hartu zuen gidaritza eta ordutik, berak kudeatzen du taldea. Eskerrak eman nahi dizkiete beraz, bide labur baina bizi honetan bidelagun izan dituzten bi erreferente hauei.
Denborak aurrera egin ahala, ezerezetik sortutako ideiak, herriko hainbat nesken ilusio eta gogoak bereganatu zituen, eta ordutik aurrera, Jauregibarriako zelaiak hartu dituzte topaleku gisa. Larunbatero elkartzen dira bertan, eta tarteka, asteartetan ere. Entrenamenduak ordu eta erdi edo bi ordu ingurukoak izaten dira, eta ostean, hirugarren denbora errespetatu eta zerbait hartzera joaten dira denak. Oro har, 22 bat neska animatu dira orain arte, taldean parte-hartzera. Hala ere, ez dira inoiz ere guztiak elkartzen, konpromiso zehatzik gabeko taldea izanik ahal dutenean hurbiltzen baitira.
Bestalde, denak zornotzarrak diren arren, noizbehinka, inguruko beste talde batzuekin ere entrenatu ohi dute; besteak beste, Gernikako Errugbi Taldearekin. Oraingoz, momentuko gozamen bat da eurentzat errugbia, eta gogor entrenatzen jarraitu nahi duten arren, ofizialtasunik gabe arituko dira. Errespetua eta kiroltasuna ardatz harturik, edozeinek parte-hartu dezakeen kontaktuzko kirol honetako protagonista izatera animatu nahi dituzte herriko neskak. Denbora laburrean, zaletasun azpimarragarria lortu duen kirola da, eta horrexegatik, udal eta erakundeek kirol honi jarraipena emateko instalazio egokiak ahalbidetzea ere aldarrikatu nahiko lukete; herrian futbola eta saskibaloiak zale kopururik handiena izan arren, errugbiak ere bere lekua egiteak, aukerak zabaldu ditzakeelako. “Zenbat eta ekintza gehiago izan eskura, orduan eta askatasun handiagoa egongo baita benetan gustuko duguna aukeratzeko, eta dualismo horretatik une batez aldentzeko”, adierazi dute Nerea Urutxurtu eta Goizalde Gonzalezek.
Amaitzeko eta bukaera gisa, begiak ireki, gogoa piztu eta ilusioa martxan jarri. Behin probatuz gero, errepikatu nahi izango duzu-eta. Plakaketez, erorketez, eta zauriez gain, nazioarteko kirol honek zerbait desberdina du eskaintzeko.
Sofatik altxa, motibatzen ez zaituzten ekintzak alboratu, eta hurbildu zaitez larunbatero egiten dituzten entrenamenduetako batera. Euren hitzetan, “emakumeok ere, gure tokia hartuko dugulako herri honetako kirol munduan”. Dibertimendu eta berezitasun puntu horrek, bete-betean harrapatuko zaitu. Sar zaitez, beldurrik gabe, mundu honetan, ateak zabalik daude-eta.

Artículo anteriorDoctora DAIANA IBARRETXE GEREDIAGA “ El colesterol es la primera causa de muerte en nuestra sociedad”
Artículo siguienteSergio Gómez BAR LUXURY: 2ª Campeonato de Baristas de Bizkaia