EPAIKETA POLITIKORIK EZ

Hainbat alderdi, sindikatu eta elkarte batu dira aldarrikapen hau egiteko:
Hamabi urte dira lehenengo atxiloketak egin zirenetik, eta ahozko bista hasi zenetik bederatzi hilabete igaro direnean, akusatu bakar baten aurkako delitu konkretu bati buruzko froga bakar bat ere entzun gabe, entzutegi nazionalak 35/02 sumarioari buruzko epaia eman zuen; egitateen testuingurutik kanpo eta eremu judizialaz harago zeuden irizpideetan oinarriturik. Hori horrela, egozpen pertsonalik ezaz, azkenean, fiskaltzak Herri Batasunaren aurkako zigor orokorra eskatu behar izan zuen.

Zigorrei larritasunik kendu gabe, funtzionalak dira eta milaka euskal herritarrak hamarkadetan eraikiz joan diren ondarea konfiska dezakete. Herriko taberna hauen zigorra eta konfiskazioa, lokalak euren borondatez eraiki dituzten milaka pertsonen aurkako zigor kolektiboa dira, baita bertan lan egiten duten ehunka langileen aurkakoa ere. Zornotzako Belatxikieta elkartea bere etorkizuna jokoan duen horietako bat dugu.

Sumarioan dauden auzipetuetako batzuk, kartzelara eramango lituzketen zigorrak dituztenak, jada beteak dituzte euren zigorrak preso prebentibo gisa. Ehunka pertsona ekonomikoki itota egon dira milioietako fidantzekin eta arriskua dago euren ondasunak konfiskatuak izatea ere. Hamarkada luze honetan zehar bizitza guztiz baldintzatua izan duten pertsonak eta familiak dira, beti ere denboran honenbeste luzatu den epaiketa honek suposatzen zien ziurgabetasunaren ondorioz.

Epaiak zelan exekutatuko den zain gaudela, Entzutegi Nazionalak hartuko duen erabakiak Euskal Herri guztiko dozenaka herri eta auzori, eta zuzenean edo zeharka jendarte osoari eragingo die. Horregatik, beharrezkoa da guztien artean etsaiaren zuzenbide penalaren aplikazioarekin amaitu dezagun:

 Epaiketa politiko gehiagorik egin ez daitezen.
 Aniztasun politikoa eta adierazpen askatasuna, elkartzeko eta aukera politikorako askatasuna, oinarrizko eskubide gisa errespeta daitezen.
 Bizikidetza demokratikorako oinarri sendoak eraiki ditzagun.
Horrela bada, 35/02 sumarioaren epaia da, hain zuzen ere, aurrera egiteko eta etorkizunean pertsona guztien eskubideak berdintasunez errespetatuak izateko falta zaigun guztiaren adierazgarria. Bide hori eginda soilik, aukera politiko guztiak zilegizkoak izango dira eta elkarren lehian aritu ahal izango dira benetako eszenatoki demokratiko batean.

Zentzu horretan, egoera hau salatzeko hainbat mobilizazio burutu dira Euskal Herri osoan. Zornotzako gehiengo politiko eta sindikalak ere, beste eragile sozialen sostenguaz, iazko azaroan konpromisoa adostu zuen, auzia artxibatzea eta auzipetu guztien absoluzioa eskatuz.

Artículo anteriorLangile bat hil da Zornotzan, Boroa industrialdean
Artículo siguienteCURSO DE MASAJE PARA NIÑOS DE 0-2 AÑOS EN ZORNOTZA