ELKARTASUNAK EZ DAUKA ETENIK!

Zornotzako Elkartasun Sarean lanean jarraitzen dugu. Gero eta lan gehiago daukagu, baina baita gero eta gogo handiagoa ere, herritarrengandik jasotzen ari garen babesak bultzatuta. Egiten ari garen lana ahalbidetzen dutenei eskerrak ematea da lehenik eta behin
egin nahi duguna: Boluntarioei, bai familia zaurgarriei janaria banatzen ari direnei, bai erosketak egitera irten ezin direnen etxeetara eramaten ari direnei, bai maskarilak eta karetak banatzen ari direnei, bai despentza solidarioa kudeatzeaz arduratzen ari direnei, bai ikasleentzako klaseak ematen ari direnei, eta baita arreta psikologikoa eskaintzen ari diren profesionalei ere; Karetak egiten ari direnei; Jaialdiri maskarilengatik, Usubiaga okindegiari elikagaiengatik; ekonomikoki laguntzen ari diren norbanako eta eragileei, hau da, Zornotzako Talde Feminista, EH Bildu, Zornotzako Gazteak eta Ernairi; elikagaiak ematen ari den jendeari; Altzoan Hazkuntza Taldeari, haurrentzako materialagatik; Bitxiak salduz irabazitakoarekin lagundu diguten Maria Teresa eta Maiteri; Janaria jasotzeko kutxa jarri duten dendei, besteak beste, Dia, Luis Urrengoetxeako Eroski City, Udako, Otilia supermerkatua…. Zerrenda amaigabea da eta ez daukagu babes honek ematen digun indarra deskribatzeko hitzik. Eskerrik asko bene-benetan.

Behin eskerrak emanda, egiten ari garen lanaren nondik norakoak zehatz-mehatz azaldu nahi ditugu. Erosketak eramaten ari gara irten ezin diren pertsonei, hala nola gaixorik daudenak edo adina dela eta etxean geratu behar direnak. Zaintza zerbitzua ere eskaini dugu, bestelako baliabiderik ez duten pertsonentzat. Horrez gain, arreta psikologikoa eskaintzen ari gara, egoerak eragindako krisirik izatekotan, arreta behar duen pertsonaren eskura profesional talde bat jarriz. Gainera langileen dudak argitzeko LAB sindikatuarekin harremanetan jartzen ari gara. Ikasleei dagokienean, laguntza eta orientazioa eskaintzeko talde bat osatu dugu. Baliabiderik gabeko pertsonei ellkadura bermatzeko, despentsa solidarioa jarri dugu martxan elikagaiak biltzeko eta erresistentzia kutxa laguntza ekonomikoak jasotzeko. Horri esker, hainbat familia laguntzen ari gara. Elkartasun Sarearen ardatza, hasiera-hasieratik, herritarrak izan dira, eta sostengu hori mantentzeaz gain areagotu izanak, gure lelo bihurtu dugun esaldi hau baieztatu besterik ez du egiten: Herriak bakarrik salba dezake herria!

Zornotzako Elkartasun Sarea

Artículo anteriorZornotzako Musika Bandak doako tailerrak eskainiko ditu maiatzean
Artículo siguiente58 km2 para hacer deporte en Amorebieta-Etxano