Prentsa ohar baten bidez azaltzen dutenez, «Zornotzako EH Bilduk helegitea aurkeztu dio Urgozo kiroldegiaren obren esleipenari, Udal Gobernuak egitasmoaren kontratua zatitu duelako», Kontratuen Legea urratu omen duela eta. «6.500.000 eurotan (BEZ barne) esleitu dute obra, kantxa, gradak, kanastak, altzariak, urbanizazioa eta beste hainbat elementu proiektuaren baitan sartu gabe».
Eta euren esanetan, «obrak ez dira atzeratuko EH Bilduk helegitea jarri duelako. Lanak atzeratzen badira, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak hala ebatzi duelako izango da. Eta organo hori Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da».
Honez gain, EH Bilduk ez duela «inoiz zalantzan jarri udal teknikarien lana eta profesionaltasuna», esaten du oharrak. «Egunero egoten gara haiekin, haien lanarekiko errespetua adierazi diegu, eta alde bien arteko harremana ona da. Arreta desbideratzeko, haien lana eta profesionaltasuna zalantzan jarri dugula esatea zikina eta zitala da».