Batera iragarritako prentsa ohar batean diotenez, eraispenaren baimena emanda, “EAJk eta PSEk ez zuten 2015eko Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina errespetatu, Forjaseko eraikina ondare historiko izendatu zuena, eta, beraz, eraitsi ezin izango zena”.
“Era berean, diote beste puntuan, baimen horrekin urratu egin da Eusko Legebiltzarrak 2019an onartutako Kultura Ondarea Babesteko Legea. Araudi horren arabera, erakundeek lehentasuna eman behar diote kultura-ondareak babesteari, enpresek edo herritarrek izan ditzaketen interes partikular eta espekulatiboen gainetik. Gainera, udalen esku uzten du kultura-ondarearen izendapena emateko eskumena”.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdiek esan dutenez, “denbora daramagu egoera salatzen eta ondarea defendatzeko neurriak proposatzen, besteak beste: • Eraikina babesteko eskaera egin genuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzan. • Eskaera bera erregistratu genuen Batzar Nagusietan eta Udalean”.
“Laburbilduz, EAJren eta PSEren Udal Gobernuak Forjas Jauregia eraistea saihesteko alternatibak eta legezko tresnak izan ditu eskura, baina ez ditu erabili. Nahiago izan du eraikin historiko hori bertan behera utzi, ondare historiko izendatu eta Amorebieta-Etxanoko bizilagunen eskura jarri beharrean”.