Asteazken itxurako iluntze batean, Zornotzako Xiberu tabernan, musika doinu batekin lagunduta, Oihane Amantegi Uriarte idazlearekin egin dugu hitzordua. Idazlea, antropologoa, itzultzailea, irakaslea eta zerrenda honi segida amaigabea emango liokeen zornotzar artistarekin, alegia. Lehen begi bistan, marrazketarekin edota artelanekin aritzen diren artistak burura datozkigun arren, hitzekin magia egiten duten sortzaileak ere artistatzat hartzen ditut nik behintzat, ez baita batere erraza lerro artean, irudimen amaigabe bati bidea ematea. Sortzailea bera eta sormena besteengan sortarazten duena.
Segida horrek, hala ere, jarraipen logiko bati dagokio, beti ere, euskararekin, idazmenarekin, irudimenarekin eta aztertzearekin erlazio eta harremanean landu baititu Oihane Amantegi Uriartek bere abileziak; denak batean, denak gaurko Oihane bera dena sortzen, alegia. Ondorioz, orain arte argitaratutako bi eleberrietan gozatu ahal izan duguna eta gozatuko duguna; oraingo honetan, “Cayo Hueso” eleberriarekin batera.

Eleberrietan murgilduz
Florida bidean du Oihanek bere irudimena, Zornotzan, ordea, kokalekua eta bizitokia. Dingilizka geratutako azken uhartea da Cayo Hueso, Antillen erdian igeri, Kubaren eta kontinentearen erdibide horretan kokatzen da istorioa, non bidelagun izango dugun arrantzale kapitain nagusi bat bidelagun izango dugun eta bere begietatik murgilduko omen gara istorioan barrena.
Bigarren eleberri bati forma ematea eta liburu gisa plazaratzea ez da egun batetik bestera bete ohi den ametsa. Bere hitzetan, bizitzako arlo guztien antzera, honetan ere lehen eleberria sortzean, “Ibaiertzeko ipuina”, berau bideratu eta horrekiko konfiantza sortzea eta eragitea izan omen da zailena, eta bigarrenarekin bidea behintzat egina egonik, dena bideratu ahal izatea samurragoa izan omen da. Bertan, desiraren eta nostalgiaren arteko hausnarketa proposatzen digu zornotzarrak bigarren honetan. Oihanek eta Zornotzan bertan, Billiken dendan salgai dago eta erosteko prest. Norbaitek sinatzea nahi badu, bertan uzteko dio eta bera pasako dela sinatzera.
Hastapenetatik, amestera
“Idazle sena beti egon da, beti izan naiz idazle, baita irakurle ere. Gero, noiz publikatzen duzun beste kontu bat da, bigarren mailakoa esango nuke. Idazten dudan gehiena gordetzen dut. Neure ustez, oso garrantzitsua da publiketan hasten zarenean, ea bizitzako zein momentutan zauzen, eta egia esan, zorte handia euki dot, bi liburuak momentu onean, eta batez ere, eurena zan momentuan, publikatu ditudala deritzot”.
Wikipedia. Hitz nahiko handiak dira, edozeinek ez dauka eta. Bere hitzetan, “Marisa Barrenari eskertu behar zaio lan hori, euskal emakumeak ikustarazteko egiten duen lan handia, alegia; izan ere, niretzat pribilejio bat da jakinde nondik datorren, eta aldiro, elikatzen goaz, eguneratuz”.
Eusko Jaurlaritzaren beka baten laguntza ere izan du oraingoan, nahiz eta jakin badakigunez, “Euskal Herrian, nabarmena da idazkuntzatik edota sorkuntzatik esparru zabal horretatik %100 egotea ezinezkoa dela. Editoreen eta idazleen aldetik babestua sentitzen naiz, baina, argi dago, ekonomikotik ez dagoela helduleku nahikorik”.
“Hemendik aurrera, hausnarketa bat egitea eskatuko dit honek, eta ea nire jarduna nondik bideratu pentsatu; izan ere, lehen liburua argitaratzean, guztiz biluzik zauz, eta orain, bigarrenean, babes eta oreka hori lortzea lortu dudala esango nuke. Bai, ze erromantikoa dan idaztea, baina, bai, ahulguneak ere asko daude eta sortzaileok lan dezente egin behar ohi ditugu, aurrera egin ahal izateko”, ederra gogoeta hemen egin diguzuna Oihana, ohar gaitezen, esku artean dugun liburu horren atzean, zenbateko lana, dedikazioa, maitasuna, ezinegona, irudimena eta eskaintza dagoen.
Sormenari hegoak eskainiz
Zeinen sentsazio polita den amets horiek bideratzen ari direla ikustea, eta sortzaileen burmuinak etengabe lanean diharduen arren, noizbehinka, geldialditxo bat egin, lortutakoaz ohartu eta sortzen jarraitzeko gogo hori sentitzea ederra da. Horixe pentsatu izan du Oihanak, bere bigarren liburuaren hitzaurrea Joseba Sarrionandiak idatzi duela aipatzean. Aurpegian ere irribarre gozoa eta betea margotu zaio. “Imajinatu, literatura gustuko dugunontzat, nola idazten duen eta zer idazten duen maite dugunontzat, bere historiaz gain, literaturari egin dion ekarpena itzela iruditzen zait, eta niri eta irakurleari bidea zabaltzea, zer esanik ez. Oso polito adierazi eta azaldu du, gainera”.
Aurrera ametsekin, aurrera sormenari hegoak eskaintzearekin, aurrera hitz horiei gordeleku aparta bilatzeagatik, aurrera ere, Zornotzako idazleak eta sortzaileak. Herria zeu irakurtzen, eta zeu be sentsazio eta ekarpen horiek jasotzen gogotsu. Segi bidea egiten eta hego horiei indarra ematen.
Amaia Larruzea Motxobe