Bosteko 2019 erakusketa ibiltaria Amorebieta-Etxanora heldu da

➢ “Marrazkitik harago. Figura eta paisaia” erakusketa azaroaren 8ra arte egondo da ikusgai Zelaieta zentroan.
➢ Ibon Garagarza komisarioak kudeatuta, Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Ruedaren artelanak biltzen ditu.

BOSTEKO 2019 talde erakusketa ibiltariak azaroaren 8ra arte Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroan jarraituko du bere ibilbidea. “Marrazkitik harago. Figura eta paisaia” izenburuarekin eta Ibon Garagarza komisarioak kudeatuta, Gentz del Valle, Mertxe Periz eta Sonia Ruedaren artelanak biltzen ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketak Leioako Kultur Leioan eman zituen lehen urratsak irailaren 6an. Ondoren, Basauriko Arizko Dorretxea aretora egin zuen salto (urriak 1-19). Orain, Amorebieta-Etxanon dago azaroaren 8ra arte. Ondoren, Arrigorriagan (Euskaldun berria erakusketa gela, azaroak 11-29) egongo da, Getxon (Torrene Erakustaretoa, abenduak 4-29) bukatzeko.

Giza figura, gorputza eta ingurunearekin naiz paisaiarekin duen erlazioa gai garrantzitsuak izan dira hiru artisten lanean, eta proposamenaren ildo nagusiak dira, marrazkigintzaren kontzeptu hedatuarekin batera. “Marrazkitik harago. Figura eta Paisaia” gauzak aditzera emateko dugun biderik zuzenenari eta intuitiboenari eskainita dago. Bide hori marrazkigintza da. Erakusketan marrazkiak berebiziko garrantzia du, formatu ertaineko lanak nabarmentzen dira eta bestelako bide batik jorratzen dira, hala nola, argazkigintza, eskultura edo margolaritzatik.

Gentz, Mertxe eta Sonia asko inplikatu dira erakusketan, eta, aurretik egindako lanak erakusteaz gain, azken urtean lan berri bat egin dute BOSTEKO 2019 erakusketarentzat.

Kasu gehienetan, Gentz del Vallek lan egiten du erakusketa izango den lekua kontuan hartuta; instalazioak sortzen ditu, bere lanera hurbilduko diren pertsonek esperientzia paregabea izatea lortzeko. Kasu honetan, espazioa artikulatzen du 2012ko hiru marrazkirekin; irudi zuriak agertzen dira atzealde beltzaren gainean. Horrez gain, 2019ko “Jardín celeste” serieko hiru marrazki erakusten ditu. Narratibak sortzen ditu, besteak beste, femeninoa eta maskulinoari, naturari edo mitoei buruz arituz.

Mertxe Perizek 2017-2019ko “Tránsitos” proiektuaren parte bat aurkezten du; gizakiak egoera ezberdinetan erakusten dituzten irudien eskultura txikiak jartzen ditu ikusgai, eskultura horiei ateratako argazkiekin eta 2019ko “Retal de huellas” seriearekin batera. Azken horretan, giza siluetak zuhaitz eta paisaia harritsuetara igota agertzen dira zeta beltzean egindako marrazkietan. Bere lanek egoera (sentsazio) unibertsalak erakusten dituzte, eta guztiok horietan islatuta sentitu gaitezke.

Sonia Ruedaren prozesua pixka bat ezberdina da. Izan ere, bere ideien garapenak orain eraman du argazkilaritza eta irudi digitaletik paper gaineko marrazkira. 2 pieza, argazki bat eta 90eko hamarkadako lan eskultoriko bat, eta azken 15 urteetan frontoietan ateratako 21 argazkik osatutako horma-irudi bat aurkezteaz gain, hark ikusgai jartzen du 2019an paper gainean ikatz-ziriz egindako eskuen serie bat. Giza gorputzaren parte espresiboena, eskua, egoera ezberdinetan agertzen da, autorretratuen serie hori 90eko hamarkadatik hark egindako proiektu digital eta fotografikoen isla bihurtuz.

Artículo anteriorAbierto el plazo para solicitar ayudas para la compra de material escolar
Artículo siguiente«Individuas peligrosas»(Ascensión Badiola Ariztimuño 2019); un retrato de la cárcel de Amorebieta