BOROAKO MENDI MARTXA, AUZOAREN PIZGARRI

“Mendirik altuenak ere beldur deutso astiro dabilen euskaldunari”

Bazter bereziak ditu Boroako auzoak bere barrenean, zornotzarrok bereziki maite doguzenok, eta txiki-txikitatik bertan hezi garenok, jakin badakigu, oraindik ere, Boroa Zentral Termikoa baino askoz gehiago dela, eta gaur egun, honek begirada danak bereganatzen deuzen eraikin hori egon arren, Boroak bere xarma ez deuela inoiz ere galdu. Bazter eta txoko hauek partekatu eta erakusteko nahiak egitasmo berri eta eder hau sortzera eraman ditu Anaitasuna elkarteko lagunak.

Jon Ander Gorospe Basagoitik amets hau egia bilakatu nahi izan deu auzoari bizia emanez, eta egin ere. “Aspalditik neukan ideia hau bueltaka buruan eta aurten erabaki dot momentua heldu jakola eiteko”, azaldu deusku Jon Anderrek. Boroako elkarteko lagunen babesarekin eta mendi martxen munduko mendizaleei galdetuta, forma ematen hasi, laguntzak lortu eta aurrera eraman, 13,8 kilometroko ibilbidea sortuz. Gainera, martxaz gain, bolo txapelketa eta erromeria ere izan ziren San Pedron bertan.

Arrakasta itzela izan zala esan ahal dogu, 92 pertsonek eman baitzuten izena, eta kontuan izanda, covid-19aren pandemiaren ondorioz sortutako murrizketak eta beldurrak, auzo bateko martxa izateko jende andana da.

Eta, orain bai, urre koloreko galdera… urtero egingo al da Boroako mendi martxa?

Asueta baserriko Jon Anderrrek esan deuskunez, “esperantza hori dekogu eta jentea hain gustora ikusita, ba… urtero antolatzen jarraituko dogu”. Ederra albistea eta ederra auzoaren pizgarria. Urterik urte bertan izango da Hilero Zornotzan aldizkaria ere, geure herriko auzoei sona eta oihartzuna eskaintzen eta ematen. Jarrai dezagun geure inguruez gozatzen!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorCharla informativa para el cuidado de mayores
Artículo siguienteZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA PREPARA LA NUEVA TEMPORADA