BIZKARGI EGUNA 2017

Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena

Bizkargi mendi historikoa da, gure historiaren pasarte asko bertan gertatu baitira. Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontor horretan eusko gudariek tropa frankistei aurre egin zieten 1937. urtean. Fusil-hotsak, bonbardaketak, heriotza eta sufrimendua izan ziren orduan. Frankismo garaian, berriz, askatasuna aldarrikatzeko ikur bilakatu zen Bizkargi, hildako eusko gudariak oroituz, debekatuta zegoen ikurrina ahalik eta goren jarrita, festa giroan murgilduta.

Gaur egun, oroimena, justizia eta egia aldarrikatzeko topagune bilakatu da Bizkargi Eguna. Frankismo aurretik nahiz Frankismo ostetik gertatu dena gogoratzeko, bizia galdu zuten eusko gudariak gogoratzeko, justizia eta egia aldarrikatzeko. Berriro ere sufrimendua ez errepikatzeko.

Aurtengo ekitaldia, baina, are bereziagoa izango da Gernikako bonbardaketaren eta Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena betetzen delako.

Bizkargiri dagokionez, tontorra behin eta berriro galdu eta berreskuratu zuen euskal gudarosteak 1937ko maiatza hartan, eta, gure datuen arabera, ehundik gora hildako izan ziren han.

Horrenbestez, eta Gernikako bonbardaketaren eta Bizkargiko borrokaldien 80. urteurrena dela aintzat hartuta, programazio berezia antolatu du aurtengoan Bizkargi Gogoratuz Elkarteak eta, 1988ra arte egiten zen moduan, Zornotzan ere ekintzak antolatu ditugu, Bizkargitik jaitsi ostean, arratsaldean, oroitzapen eguna denok elkarrekin jai-giroan amaitzeko.

Bestalde, datorren igandea beste arrazoi bategatik ere oso berezia izango da Zornotzan; izan ere, Gure Esku Dago elkarteak herri-galdeketa antolatu du eta zornotzarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izango dute.

Iragan hurbilean pairatu ditugun gerrak, sarraskiak eta indarkeria ekintzak berriro inoiz ez gertatzeko, egia, justizia eta oroimena aldarrikatzen ditugun moduan, demokrazian sakontzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako herritarren borondatean oinarritutako gizartea eraiki behar dela uste dugu.

Hori dela eta, maiatzaren 7an Gure Esku Dago elkarteak Zornotzan antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko deia egiten dugu.

BIZKARGI GOGORATUZ ELKARTEA

BIZKARGIKO SANTIKURTZEAK 2017

PROGRAMA

Maiatzak 3 Santikurtze Eguna

Goizean Lagunarteko giroa, txistulariek alaituta.

Maiatzak 7 Santikurtze Errepetizino Eguna. BIZKARGIKO EGUNA.

BIZKARGIKO TONTORREAN

11:00etan Musika Animazioa

12:30ean Memoriaren ekitaldia

Adarra, Txalaparta, Txistulariak

Memoriaren berbaldia

Etxanoko Nagusiak txuzoa sartu

Bertsolariak

Kantaldia, Enetaran bikotearen eskutik

13:15eanErromeria, Koldo Etxebarria aita-seme trikitilarien eskutik

ZORNOTZAN

18:00etan 1937ko maiatza oroituz, Zelaieta Parkean.

Ondoren Kontzertua, OXABI taldearen eskutik, Zelaieta Parkean.

Artículo anteriorMADERAS ZALLO 40 URTE
Artículo siguienteRecogen 2.500 kilos de comida en la fiesta solidaria