Bilbo- Elgoibar – Donosti – Hendaia – Bordele – Nantes – Ancines – La Pierre Blanche – Nantes – Alençon- Normandia – Caen – Portsmouth -Totnes – Nottingham – Manchester – Todmorden – Aberdeen – Glasgow – London – Paris – Bordele – Hendaia – Zornotza
Ederra erronka eta ederra 16 eguneko bidaia. Gogorra bere horretan, leher eginda, baina aurrera, ultratrail etengabe bat, Donejakue bide etengabe bat. Pisua gainean eta ibili munduan esango genuke esaera hizpide harturik, horixe izan baita latzena, generaman pisu guztia Europan zehar garraiotzea, baina horretarako hiru lankide eta gerora oso lagun elkartzen badira, dena da posible.
Neu Amaia Larruzea Motxobe, Hodei Arrausi Perez de Guereñu eta Amane Iglesias Oteiza gasteiztarrekin batera, Euskal Irrati Telebistak (EiTBk) bultzatutako abenturan murgildu gara Euskal Herria, Frantzia, Ingalaterra eta Eskozia gurutzatuz, Klima larrialdiaren goi-bilerara iristeko, alegia, COP26 ezagunera. Geure helburua, ordea, ez zen munduko agintari boteretsuenekin elkartzea, baizik eta kanpoan gertatzen ari denaz informatzea, hau da, munduan zehar nolako mugimenduak sortzen ari diren klima aldaketari aurre egiteko.
Horixe helburua izanik, edozein erronkatan bezala, azken txanpa da soilik helburua, bidea izaten da beti aberasgarriena eta horri ekingo diogu, izan ere, errazena hegazkin bat hartu eta bertatik informatzea izango litzateke, horixe egin baitute agintari gehienek, baina kontzientziatzea lortzen al dugu horrela? Hodei Arrausik argi zeukan, ez zuen edonola iritsi nahi Glasgowra, behin Pariseko goi-bilera ospatuta buruan zuen lanean ez bazen ere hurrengora bestelan iritsi behar zela eta hala sortu zen hau guztia, Bilbotik hasita Glasgowra iristea ahalik eta emisio gutxien eginez, 0 emisio ezinezkoa da dena bizikletaz egin behar zelako eta horretarako beste hilabete beharko genukeelako eta lanarekin ezinezkoa izango litzateke, beraz, nola iritsi hegazkinik, autorik eta autobusik hartu gabe? Hementxe aukera, hainbat etapa bizikletaz egin, beste asko trenez eta itsasontzia hartu Erresuma Batura iritsi ahal izateko. Bitartean, bizikleta erabili herri eta hirietatik mugitzeko garraio gisa, nahiz eta trenez egin bidaia bizikletaz mugitu batetik bestera eta elkarrizketatuengana gerturatzeko.
Azken aurreko hitz hau hartuko dugu hizpide ere. Hau ez da kirol lorpen bat ezta bestelako lorpen bat, abentura itzela da, eta badu kiroletik ere, baina kazetaritza egitea izan da geure asmo nagusia eta horretarako baliatu ditugu herrialde guztietako bitxikeriak. Pertsona zoragarriak ezagutu ditugu, bai Pierre Blanchen non abeltzainek erosleei uzten dieten aukeratzen ea zenbat eurotan erosi nahi dituzten esnekiak etab, bai Totnesen non sekulako trantsizioa egin duten herri guztian emisio gutxiago sortzeko, baita Normandiako parke naturalean ere, animali eta landareak babesten ari direla ekosistema ez desagertzeko, baita Todmorden herri ederrean ere non elkartasuna itzela den eta baratzak jarri dituzte herriko eskina guztietan, errepide inguruetan eta danean, edozeinek bertatik hartzeko elikagaiak, sendabelarrak, etab eta non klima aldaketari zuzendutako eskola bat eraikitzen ari diren soilik material naturalekin. Nottinghamen ere munduan barrena sortzen ari diren mugimenduekin egon ginen, horien artean, Extinction Rebellion. Eta, azkenik, Eskozian, petroleoa bukatzen ari den honetan, nola ari diren eraldatzen energia berriztagarriengatik ordezkatzeko.
Gehien gustatu zaizkidan tokiak? Totnes eta Todmorden. Hiriak ere oso politak izan dira, Nantes, Aberdeen eta Glasgown ere giro ederra dago, baina Totnesen eta Todmordenen sekulako giro herrikoia dago.
Zer izan da politena? Osatu dugun taldea, izan ere, eurak biak duela 15 urte ezagutzen dira EiTBn, baina nik ez nituen ezagutzen eta elkarrekin egin dugun taldea eta jendeak nola hartu gaituen toki oro, nola babestu gaituen, nola eskaini diguten laguntza eta Todmordenen nola zaindu eta jaso gintuzten. Ikaragarria.
Zer izan da gogorrena? Ezin inoiz ere atsedenik hartu, korrika joatea alde batetik bestera, zuzeneko bat dugulako edo elkarrizketa bat egiteko geldituta gaudelako edo hurrengo trena galduko dugulako. Egun batean, hiru ordutan soilik 5 tren hartu genituen eta ez da tren bat hartzea soilik, pisu guztia garraiotzea baizik korrika alde batetik bestera. Grabazio materialetan pisu asko generamalako.
Zein izan da nire lana bidai honetan? Nire lana berritzailea izan da oso. EiTBk eta EiTBlab-ek bestelako eduki batzuk egitea eta bestelako publiko batera iristea izan dute helburu. Hodeik eta Amanek telebistarako egin dituzten grabaketez gain, kazetaritza entretenimenduakin lotzea izan da nire lana, bestelako edukiak sortuz informatu, alegia, eguneroko bideoak grabatu eta editatzea abentura informazioarekin lotuz, instaliven zuzenekoak egitea ia egunero, instagram stories bidez geure abenturaren berri eman une oro, beraz, jarraipen zabala bai telebista irrati eta sare sozialetan. Gaztea irratian ere egin izan ditut konexio batzuk abenturaren berri emateko eta albistegietan, lan berri hau zertan datzan azalduz eta EiTBn aurretik egin gabeko bide berri bat zabaldu dela plazaratuz. Beraz, ikusgai dituzue bideo eta eduki guztiak @eitb instagramean eta #BilboGlasGOw hashtagaren bidez!
Jarrai dezagun amesten eta jarrai dezagun Hilero Zornotzan aldizkaria ere abenturaz betetzen. ESKERRIK ASKO DANORI JARRAITZEAGATIK! J
Amaia Larruzea Motxobe