Etxanon grabatu zen iaz eta uztailaren 15ean emitituko da ETB-1n 22:30etan, gaur bertan Jabi Elortegi zuzendariak jakitera eman digunez.
Beti Mugan telesaila, esan dugunez, komedia da. Etxano barik “Aldabe” deituko da fikziozko herrixka hau eta Covid-19 birusa ez da bertara helduko. Alkateak (Elena Irureta) muga bat jartzea erabakiko du bere laguntzailearekin batera (Mikel Laskurain) eta horretarako udaltzainak (Amancay Gaztañaga) hesi bat jarriko du herriko sarreran. Udaleko oposizioko taldeko ordezkaria, alkatearen alaba da, (Miren Gaztañaga) hain zuzen ere, eta ez dator bat bere amak hartzen dituen erabakiekin. Amak nahiko lan dauka bere beste semeak (Xabi Jabato) eta bere lagunak (Mikel Aranburu) txarto egindakoak zuzentzen. Herriko andra nagusi bat (Itziar Aizpuru) eta bidaiari atzerritar bat (Iker Galarza) ere korapilo honetan biziki sartuko dira. Bizilagunek musuko barik ibili ahal dira Aldaben, herri libre bat baita, baina mugak zaindu beharko dituzte inor ez sartzeko.