Beñat Sarasola izan da irabazlea Santiago Onaindia Literatura Ikerketarako bekaren XIII. edizioan

Esleituta dago Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bidez eta Labayru Ikastegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Santiago Onaindia idazlearen oroimenez, euskal literaturaren ikerketaren alorrean, bi urterik behin deitzen duen Santiago Onaindia Bekaren XIII. edizioko saria. Literatur aldizkarien eragina euskal sistema literarioaren osaeran izeneko proiektua aurkeztu du irabazle suertatu den Beñat Sarasola Santamariak.
Euskal literaturaren alorreko ikerketa sustatzea du helburu Santiago Onaindia euskal idazlearen omenez sortutako beka honek, eta 9.000 euroko zuzkidura dauka.
Proiektua burutzeko epea 2014ko udazkenean amaituko da. Ondoren, eta beharrezko diren egokitzapenak egindakoan, 2015ean argitaratuko du Labayru Ikastegiak Aita Santi Onaindia Beka izeneko bilduman.
Aurtengo hamahirugarren edizioa da, eta zazpi proiektu aurkeztu dira.
Ametx erakundearen presidenteak eta euskal literaturaren alorrean adituak diren Igone Etxebarriak, Xabier Bovedak eta Asiert Bidartek osatzen dute epaimahaia.

Beñat Sarasola Santamaria
1984an jaio zen. Filosofian lizentziaturik dago EHUn eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Bartzelonako Unibertsitatean. Hainbat graduondoko ikasketa eta master egin ditu literaturaren alorrean, eta aurkeztua du doktoregorako tesia, zeinen defentsa prestatzen ari baita.Olerki liburuak argitaratu ditu (Kaxa Huts Bat eta Alea), bai eta literaturaren inguruko artikuluak eta kritikak ere.

Literatur aldizkarien eragina euskal sistema literarioaren osaeran
Lan honen hipotesi nagusia honakoa da: XX. mendean, eta batez ere 36ko gerraren ondorenean, literatura aldizkariek garrantzi funtsezkoa izan zuten euskal sistema literario modernoaren osaeran, eta gaur egun gure literaturaren erdigune den belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziren.
Lan honen helburua bikoitza da. Alde batetik, literatura aldizkarien azterketa sistemikoa egingo da, euskal literatur “esparrua” ikertuz. Bestetik, literatura aldizkari horien azterketa testual-estetiko bat egingo da.

Artículo anteriorCortometrajes en el Zornotza Aretoa
Artículo siguienteUn comercio de cine