Zornotzan

Kultura

‘BELATXIKIETAKO ERMITAREN 75. URTEURRENA’ Juan Martin Iriondo Yurrebaso

Hurrengo belaunaldietarako ermita hori non, zer eta zergatik dagoen azaltzeko helburuarekin, 110 lekukok osatutako ikerketa emaitza da ‘75 urte Zazpitxaboletan’.

Orain dela 75 urte Zazpitxaboletan ermita egin zen. Bai, gutxi batzuek bakarrik dakite Belatxikietako azpiko zelaiak Zazpitxaboleta izena duela. Izen hori ezjakintasunean jausi ez dadin eta ermitaren 75. urteurrenagaz bat eginik, Juan Martin Iriondo ‘zorrontzarrak’ ‘75 urte Zazpitxaboletan’ liburua idatzi du.

“Azken urteotan apurtxo bat ahaztuta egon da ermita hori, nahiz eta Zornotzako ermitarik barriena eta bisitatuena izan”, azaldu du. Irakaslea lanbidez, Iriondok gaztelaniaz esaten den ‘deformación profesional’ du idazteko afizioa: “Horrenbeste irakurri eta historia barruan arakatzeagatik dator”.

Jatorria

Ermita edo baseliza horren jatorria 40ko hamarkadan eta ‘azeri batzarretan’ dago. Batzar horiek Mugarran eta Zazpitxaboletan egiten ziren. Bertan erabakitzen zuten nork ehizatuko zituen urte hartan azeriak, artzain bakoitzak ardiko zenbat ordaindu beharko zuen… 1948an Zazpitxaboletan egitea tokatu zen. Han ermita baten beharrizana ikusi zuten, domeketako eleizarako obligazioa ez galtzeko. Momentu horretan, ‘zorrontzako’ Don Emiliano Zuloagak, inguruko lurren jabeak, animatuta hasi ziren ermitaren eraikuntzarekin. Zuloaga bera arduratu zen Udaletxeagaz eta eleizagaz baimenak lortzeko. Eskulana auzolanean inguruko auzokide eta pastoreak egin zuten, eta lanak 49ko apirilean hasi eta 49ko uztailaren 30ean amaitu ziren, hurrengo egunean inauguratzeko.

Lan hori egiteko 40 pertsona egon ziren. Ekonomikoki ‘zorrontzako’ Teles, gaur Billiken, eta ‘El Cojo’ tabernan ipini ziren orriak herri-harpidetza bat egiteko, “bakoitzak ahal zuenaz laguntzeko”. Hor batu zena nahikoa ez zenez, Don Emilianok falta zen dirua jarri zuen, orduko 16.000 peseta. Azkenean, eleizan domeketan berreskuratu zen diru hori Don Emilianoren alardunari eman zioten, jada hilda zegoelako, eta honek diru hori eleizari bueltan eman zion.

Kirol kutsua

Baten bat pentsatzen ari bada, ez, ermita eraiki zenetik gaur arte ez da ezer aldatu, xehetasun txiki bat izan ezik: kanpaia. 70. urtean lapurtu egin zuten, eta Emilin Zuloagak (Don Emilianoren semeak) berria jarri zuen. “Aldatu den gauza bakarra bertara joaten diren pertsonak dira. Hasieran, mendigoizale gitxi batzuk eta batez ere ganaduzale eta pastoreak joaten ziren. Gaur egun, kontrakoa: pastorerik ez dago bertan, ganaduzale gitxi eta joaten direnak mendigoizaleak dira, eta ez San Inazio edo San Joan egunean bereziki, baizik eta Gabon eta Gabonzahar egunean”, dio Iriondok.

Orain, kirol kutsua du ermitara joateak: “Azken urteetako moda da. Betiko eguna San Inazio eguna izan da danontzako. Pastoreentzako San Joan eguna. Orain, hara doan jendea Gabon egunean karrera batzuk dagozelako joaten da, edo Gabonzahar egunean argazki bat atera behar delako. Argazkia aterako dutenek ermita ‘photocall’-a egiteko erabiliko dute, ez beste ezertarako. Halan eta guztiz ere, edozeini txerea ona egiten dio ermitak, bertaratuz aurrez aurre begira duelako. Erakargarri puntu bat du oraindik”.

Liburua idazteko informazioa

110 elkarrizketa egin ditu guztira: “Artxiboetatik, museoetatik, Udaletxetik eta abar… mugitu naiz”. Iriondok dio zenbat eta pertsona zaharragoak izan, xehetasun gehiagogaz kontatzen zizkiela gauzak. “Hasieran, bertan lanean (Zazpitxaboletan) egon ziren lekuko batzuk aurkitu nituen bizirik. Pandemia sasoian hil ziren. 90 urte inguru zituzten guztiak. Eurekin hitz egiten, begietan argi berezi bat ikusten nien, 14,15 edo 16 urterekin bizitakoa adierazi nahi zutelako. Zelango ilusioarekin egin zuten, eta zelan ezjakintasunean jausi dela gaur egun esan zidaten. Informazioa helarazteko premia zuten”, kontatu du.

Liburuak izugarrizko arrakasta izan du, kaleratu zenetik lehenengo bi edizioak agortu baitira, eta hirugarren baten bila ari dira. Iriondok dion moduan, ”0km-koa, bertokoa, bertokoak eindakoa eta bertokoentzakoa”.

Urteurrena ospatzeko, Belatxikieta Elkarteak antolatuta, uztailaren 31n, asteazkenean, meza bat izango da 11:30ean, ondoren txistulari eta aizkolarien emanaldia egongo da 12:00etan, eta Pancho Balbuena mariatxiaren emanaldia 13:00etan.

+ Irakurri

Amorebietako Udalak ‘Berba Lapiko’ekimenaren iraileko eta urriko egitaraua aurkeztu du

septiembre 5, 2024

Amorebietako Udalak Berba Lapiko ekimenaren iraileko eta urriko programazioaren berri ematen die herritarrei.Ekimen horrek herritarren parte-hartze aktiboa eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko jarduerak eskaintzen jarraituko du. Irailean zehar, Berba Lapikok «Bizipoza urteetan gora» aurkeztuko du, adinekoek aisialdirako eta garapenpertsonalerako dituzten aukera

Ganbera musikaz beteko dira iraileko asteburuak, Eleizetan kontzertu zikloaren eskutik

septiembre 5, 2024

Iaz bezala, ganbera musikak hartuko ditu iraileko asteburuan aurten ere, Eleizetan kontzertu zikloarenospakizunarekin. Ziklo hau udalerriko hainbat eliza eta ermitatan egingo da, ganbera musikarenedertasuna eta soinuaren kalitatea nabarmentzeko ingurune goxo batean eskainiz. Aurtengo egitarauak artista eta musika talde ugari biltzen

Enrike Renteria Pintura Lehiaketaren XXVI. edizioa

julio 8, 2024

Igande honetan, uztailaren 7an, berriro ospatu zen Enrike Renteria pintura lehiaketa. Zornoza Arte eta Kultur Elkarteak antolatuta eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin, Enrike Renteria pintura lehiaketa aurten bere bi modalitatetan egin da: Zintzilik. Herriko balkoietan zintzilik ikusgai egongo diren loneta margotuak