BATEK DAKI ZORNOTZAKO JAIETAN

Zer litzateke jai bat erromeriarik gabe? Askorentzat seguruenik ezer gutxi. Leku oro aurki dezakegun doinu herrikoi honek, giro euskalduna eransten baitie ospakizunei.
Hori ondo dakite Zornotzako “Batek Daki” erromeria taldekoek. Eurek ilusioz eta alaitasunez eman nahi diote jarraipena betidanik egon den ohitura honi. Horrexegatik, 2013ko irailean batu zirenetik gaur arte, beraien doinua lau haizetara zabaldu nahian dabiltza.
Taldea bost kidek osatzen dute: Iratxe Etxeandia, Julen Alberdi, Egoitz Lopez, Arkaitz Zugadi eta Pablo Bahillo. Horietatik hiru zornotzarrak dira, eta gainontzeko biak, basauriarrak. Guztiak pasioak batu ditu “Batek Daki” lelopean. Paradoxikoa dirudien arren, ezjakintasunetik datorkie izendapena. “Mila proposamenen artean aukeratu ezinik ibili ginen, eta azkenean, ‘zelan deituko gara?’ galderari erantzuteko modu bakarra ‘Batek Daki’ zela ikusita, hortik jotzea erabaki genuen”, adierazi du Iratxe Etxeandia abeslariak.
Neguko geldialdiaren ostean diziplina berriz ere hartu nahian, Zelaietako kontzertu gelan jo zuten. Beraien hitzetan, guztiei ondo datorkien bakoitzean ez baitute aukerarik galtzen taula gainera igotzeko; hala ere, nahi baino gutxiago jotzen dute. Besteak beste, musikaren mundua ez dabilelako batere ondo, ordea, ahal denean jotzearekin eta ondo baino hobeto pasatzearekin konformatzen dira.

Bestalde, gero eta erromeri talde gehiago dauden honetan, zaila izaten da kontzertuak eskuratzea, baina beraiek irmo agertu dira eta sortzen zaizkien aukerak ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatzen direla azpimarratu nahi izan dute.
Oro har, Zornotzako taldeko musikariek ondo baino hobeto dakite esfortzu hitzak dakarren dedikazio guztia, izan ere, kide bakoitzak dituen konpromiso guztiak antolatzea eta entseatzeko egunak adostea ez da batere erraza izaten. Ordea, aukeraketa hori sakrifiziotzat ez hartzeak asko errazten die lana, eta hori ez da kasualitatez eskuratzen. Aipatu beharra baitago aurretik beste talde batzuetan aritutakoak direla denak, eta horietan ikasitakoa hartzen dutela askotan oinarritzat.
Orain arte bizi izandako ametsik gozoenari erreparatuz gero, hiru saiakeren ondoren, kide guztiak kontzertu batean batera jotzea dute oroitzapen. Hala ere, jakin badakite dena ez dela arroza kolorekoa, eta bereziki sumintzen dira onartu ezin duten kontzertu bakoitzari ezetza eman behar diotenean.
Aurrera begira jarririk, hainbat erronka dituzte hizpide. Hala nola, talde moduan bizirautea, eta ezagutzera ematen jarraitzea; azaleratzeko eta eskaintzeko asko dutela sentitzen baitute. Eta azkenik, etorkizun hurbil batean, “gure doinu alaia Euskal Herri osoan zabaltzea”.
AMAIA LARRUZEA

Artículo anteriorXVIII CONCURSO DE PINTURA ENRIKE RENTERIA
Artículo siguienteJAIETAKO PROGRAMA OSOA HEMEN