Jose Andres Etxebarriaren liburuak euskera du hizpide
“Denbora asko izan dot nire bizitzan euskareran egoerari buruz sakonetik gogoetak egiteko eta bururatu zitzaidan liburu honetan idaztea eta kanporatzea”. Jose Andresek egiten duena ausnarketa sakona da, nondik gatozen “Euskararen misterioa” eta noraino eta nola helduko garen “Etorkizuna gure esku dago”.
Ispiluaren aurrean biluzik jartzen gaitu. Gu eta gure jarrera euskararekiko. Zornotzar honek idatzitakoak askok berretsiko genuke. Erabat zentzuduna delako irakurtzen duguna.
Euskararen erabileraren ikuspegitik idatzita dago liburua eta bere ustez arazo larriena “dakienetik erabiltzen dutenerainoko tarte handia dagoela, amildegia. Eta hori da gaur egun euskarak duen arazorik larrienetarikoa”.
Liburuaren kontrazalean laburbiltzen du bere lanaren nondik norakoak. “Gurasoengandik ikasi nuen, pertsonen eta herrien askatasunerako grinarekin batera, berezkoa dugun hizkuntzaganako maitasuna. Ume nintzen garaian, euskararen egoera larria hobetu nahian, debeku eta eragozpenak gaindituz, denetariko ekimenak garatu ziren herri askotan. Baita nire herrian ere, Amorebietan, abian jarri ziren euskararen aldeko ekimenak, haien arteko zenbait hurbiletik ezagutu nituenak. Aspaldi hartatik hasi eta gaur egunera arte izan dudan ibilbidea aztertuz, liburu honetan, euskararen egoerari buruzko zenbait gogoeta eta oroimen azaltzen dira, gure hizkuntzaren alde ekiteko baliogarriak izango direlakoan”.
Aipamen ederrak egiten ditu 40 kapitulutan banatuta dagoen liburu honetan. Hizkuntzari eusteko familiak izan duen garrantzia, euskotarrak eta euskaldunak ederki bereizten du, euskalkiak eta euskara batuaren inguruko aipamenak, bere ogibidea den itzulpengintzaren garrantzia eta erronkak, Euskal Telebistak “Goenkale” telesailaren bidez egindakoa, hitanoaren erabilera, eliz gizonen euskaltzaletasuna, euskarak irakaskuntzan duen garrantzia, euskararekiko jarrera ezberdinak, oraingo etorkinak eta lehenagoko kanpotarrak…
Berba jarioa du Jose Andresek eta, nahi izanez gero, alboan duzuen QR kodean aurkituko duzue berarekin egindako solasaldia.