Zornotzan

Cultura

Badator Haizetara

– Jaialdi honen XIV. edizioa ekainaren 21etik 23ra izango da.
– Hiru egunetan hainbat lekutatik (Benin, Erresuma Batua, Katalunia, Madril, Granada, Zaragoza…) etorritako taldeak arituko dira Amorebieta-Etxanon, kaleak musikaz eta giro onaz betez
– Jaialdian 9 banda lehiatuko dira bandarik onenaren saria, instrumentistarik onenari saria eta publikoaren saria eskuratzeko.

Amorebieta-Etxanoko kaleetan hainbat banda arituko dira Haizetaran, fanfarre, banda eta kaleko musikaren XIV. Nazioarteko Jaialdian. Jaialdia Amorebieta-Etxanon izango da ekainaren 21etik 23ra. Kontsolidatuta dagoen jaialdia da eta erreferente bihurtu da Estatuan zein nazioartean. Amorebieta-Etxanok antolatzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Hiru egunetan hainbat lekutako (Benin, Erresuma Batua, Katalunia, Madril, Granada, Zaragoza eta Euskadi) taldeak arituko dira Amorebieta-Etxanon, kaleak musikaz eta giro onaz betez. 12 banda izango dira herriko kaleetan beraien musika-tresnekin arituko direnak eta 9 lehiatuko dira bandarik onenaren saria eskuratzeko (10.000€), instrumentistarik onenaren saria eskuratzeko (1.000€) edo publikoaren saria eskuratzeko (4.000€).

Musika zuzenean
Aurtengo edizioko programazioa 3Indarrok Elektrotxaranga talde euskaldunarekin hasiko da. Folk, pop, rock edo saltsako abestiak errepasatzen dituzte, hizkuntza, estiloa eta aldarrikapenak egokituz. Euskal Herriko kaleetan beraien musika eta alaitasuna zabaltzen dihardute 2005etik.

Flat Cap Brass Erresuma Batuko taldea Yorkshireko (Ingalaterra) Funk Brass Band bat da, 8 musikarik osatzen dutena. Errepertorio zabal batekin datoz Amorebieta-Etxanora: brasseko klasikoak eta pop garaikideko arrakasten coversak.

Bartzelonatik La Orquestra de Ermesinde dator Haizetara jaialdira. Musikari talde eklektikoa, musika zaletasunak elkartu dituena. Balkanetako fanfarreen tradizioari omenaldi bat egiten diote beraien errepertorioarekin. Serbia, Bosnia eta Mazedoniako folklorearen klasikoetan inspiratzen da soinua, baita Errumania eta Moldaviakoan ere, bizitza estilo propio bat sustatzen duten dantza erritmo eta abestiak nahastuz.

Befunkbopen eskutik funka etorriko da. Granadako talde honek jazzaren birtuosismoa eta funkaren groovea nahasten ditu kaleko banda baten moldakortasun eta bizitasunarekin, ikuskizun dinamiko bat sortuz, publiko guztia nahasteko koreografia eta energia dituena.

Muchachos Brass Madrileko bandak Amorebieta-Etxanora ekarriko duen errepertorioak irratian edozein garaitan arrakasta handiak izandakoak biltzen ditu, baita estiloko klasikoak ere, guztia beraien abesti mordoarekin nahastuz. Banda Estatuko musikan ezagunak diren hainbatek osatzen dute: Juanito Upegui (bateria), Alvar Ochoa (tuba), Carlos Leal (gitarra), Diego Jiménez (saxo baritonoa), Fran Sánchez (tronboia), Nata Estévez (saxo tenorea) eta Marcos Ortega (tronpeta).

Parte hartuko duen beste talde bat Sopa Loca da. Frantziatik dator kale orkestra hau eta Hego Amerikako musika eta musika tropikala ditu jomuga. Cumbiak, runbak eta saltsak moldatu eta reggaeton, hip-hop edo rock puntu bat nahasten zaie. Emaitza: dantzara eramaten zaituen nahasketa euforikoa.

Jingle Django Madrilgoak dira eta kaleko musika egiten duen nazioarteko taldea da. Nagusiki gipsy jotzen dute, hainbat musika estilo nahastuz eta munduko txoko guztietara eraman dute beraien musika.

Cobla katalanaren soinua dakarren lehendabiziko fanfarrea da eta HUMMUSMAN ikuskizuna aurkeztuko du. 14 musikari jendea dantzan jartzeko prest, Balkanetako musika, runba eta musika latinoa nahastuz. Umorea, musika eta dantza ekarriko dituzte herriko kaleetan arituko diren katalan hauek.

Banden lehiaketan parte hartuko duen azken banda Eyo´nle Brass Band da, Gineako Golkoa inguratzen duten herrialdeetan dagoen letoiaren tradizioa ekarriko du fanfarre honek, hainbat musika estilo nahastuz. Zortzi musikarik bete-betean asmatzen dute Beningo jai girorako musika jazzarekin uztartzen.

Gainera, 2019ko Haizetaran hiru banda egongo dira lehiaketatik kanpo arituko direnak: Broken Brothers Brass Band, Bloco RebelaSon eta Lambroten Brass Band.

Ekintza osagarriak
Jaialdiaren hiru egunetan jam session bi ere egingo dira (ekainaren 21ean eta 22an 24:00etan) Harrison Hotelaren terrazan, Jou González Quarteten eskutik.

Halaber, larunbatean, hilaren 21ean 12:00etan kontzertu didaktiko bat eta familientzako musika tailer bat egongo da Zelaieta parkean. Musika tresna bihurtu eta melodia kutsakorrak sortzen dituzten hainbat material izango dira protagonistak. Trakamatrakak musika eta birziklatzea uztartzen ditu, sorkuntza eta irudimena, musika aniztasuna eta ingurumenarekiko errespetua.

Dantza saio bi ere egongo dira Bilboko Swing Sideren eskutik. Dantza elkarte hau topagune bihurtu da swing musika eta honi lotutako dantzak atsegin dituzten bilbotar eta bizkaitarrentzat.

Zelaieta Zentroko erakusketa gelan “Katxarrismos” erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 17tik uztailaren 5era. Augusto Gonzálezen proiektu bat da, hainbat perkusio, haize eta soka instrumentu erakusten dira, guztiak eguneroko bizitzako materialak berrerabiliz eginak.

+ Leer más