- Lanbide Heziketako ikasle horiek Goi Sukaldaritzako Esperientzia Gastronomikoen Sorkuntza eta Garapenerako Espezializazio Programaren barruan ari dira prestatzen. Programa hau sukaldari ezagunaren Azurmendi Jatetxean ematen da
- Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria jatetxean izan dira gaur, Euskadiko Lanbide Heziketaren parte den espezializazio-programa honen garapena bertatik bertara ezagutzeko
- Bizkaiko Foru Aldundiak beka bat ematen die programak iraungo duen hiru ikasturteetan parte hartuko duten 45 ikasleei
Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria Larrabetzun izan dira gaur goizean, Eneko Atxa sukaldariak zuzentzen duen Azurmendi jatetxea bisitatzen. Bisitaren arrazoia izan da Lanbide Heziketako ikasle talde batek instalazio horietan jasotzen duen prestakuntza espezifikoa bertatik bertara ezagutzea, Goi Sukaldaritzako Esperientzia Gastronomikoen Sorkuntza eta Garapenerako Espezializatzeko Programaren barruan. Prestakuntza-programa Hezkuntza Sailak eta Azurmendi Group enpresak berak diseinatu dute, honek hala eskatuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du, erakunde honek ematen baitizkie bekak programan parte hartzen duten ikasleei. Bisitan parte hartzaile izan da Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea ere.
Programa honetan trebatzen diren ikasleek goi-mailako sukaldaritzako eta jatetxe-zerbitzuko espezializazioa lortzen dute, maila goreneko jatetxeetara bideratua. Izan ere, programa berariaz diseinatu da Azurmendi jatetxeak dituen kualifikazio-premiei erantzuteko, goi-espezializazioko profil profesional bat lortzeko helburuarekin. Prestakuntza hau heziketa-zikloetako curriculumean jasotzen denetik harago doa.
Horrela, ikasle horien talentua eta enplegagarritasuna bultzatzen da, goi-mailako gastronomian belaunaldi-erreleboa sortzeko, kontuan hartuta sektore estrategikoa dela hau Bizkaiko Lurralde Historikorako zein Euskadirako.
Horretarako, Hezkuntza Sailak, Azurmendi taldearekin lankidetzan, 1.750 orduko prestakuntza-programa diseinatu du; horietatik, 1.450 jatetxekoan egiten diren praktiketan ematen dira, eta prestakuntzako gainerako 300 orduak berriz, ikasgelan. 2021-2022 ikasturte honetan 15 ikasle berrik jasotzen dute prestakuntza hau. Joan den ikasturtean abian jarri zen programa honetako bigarren promozioa dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak guztira 450.000 eurorekin laguntzen du, hiru ikasturteetan parte hartuko duten 45 ikasleek jasoko dituzten bekak ordaintzeko, programa foru-erakundearen estrategian sartzen baita, Bizkaia abangoardia gastronomikoaren erreferente bihurtzeko, berrikuntza aplikatuta eta sektore horretan ezagutza sortuta. Ikasleak Euskadiko Lanbide Heziketako hiru ostalaritza-eskolatakoak dira —Leioako Ostalaritza Eskola, Galdakaoko Ostalaritza Eskola eta Bilbao Goi-mailako Ostalaritza Eskola— bai sukaldaritzaren arlokoak, bai aretoko zerbitzuaren eta bezeroei arreta ematekoaren arlokoak. Gainera, Leioako Ostalaritza Eskola programa honetako jarduera guztiak koordinatzeaz arduratzen da, baita jatetxean garatzen den prestakuntza Eneko Atxarekin batera programatzeaz ere.
Hiru Michelin izar dituen jatetxea da Azurmendi, bost Izar dituen sukaldari batek, Eneko Atxak, zuzendua. Leku ezin hobea Ostalaritzako ikasleei goi-sukaldaritzako jakintza, trebetasunak, filosofia eta perfekzio-gogoa transmititzeko. Aukera ezin hobea etorkizuneko profesionalak sukaldari handi baten sormenetik, grinatik eta talentutik zuzenean trebatzeko, zeinak gainera Euskadiko Ostalaritza Eskola batean eman zituen bere lehen urratsak.
Goi-sukaldaritzako esperientzia gastronomikoak
Parte hartzen duten 15 ikasleak Azurmendi jatetxeko langileekin batera aritzen dira egunero lanean, sukaldea, teknikak eta esperientziak partekatuz, Goi Sukaldaritzako Esperientzia Gastronomikoen Sorkuntza eta Garapenerako Espezializazio Programaren barruan.
Azurmendi jatetxearen ezaugarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, tradiziorako sena, ingurunearen zaporea, hurbileko produktua, jasangarritasuna edo konpromiso soziala ezinbestekoak dira bertako egunerokoan. Baina, horrez guztiaz gain, espezializazio-programan parte hartzen duten ikasleek funtsezko hiru ikaskuntza-eremuri lotutako trebetasun eta gaitasunetan sakontzen dihardute: esperientzia gastronomikoak; trebetasun sozialak eta bezeroekiko harremana; eta sormena.
Esperientzia gastronomikoei dagokienez, ikasleak espezializatu egiten dira jatetxeak bezeroei eskaintzen dizkien esperientzia gastronomikoetan gastrofisikaren eta neurogastronomiaren printzipioak aplikatzean; edo bezeroarengan beren itxaropenak betetzen dituzten emozioak eragiteko moduan. Esperientzia gastronomiko batean bilatzen den sorpresa-elementuaren gakoak ere aztertzen dira. Atal honetan garrantzi berezia hartzen du tokiko kulturaren eta paisaiaren osagaiak txertatzeak, esperientzia gastronomikoaren ondasun bereizgarri gisa.
Ekimen hau lankidetza publiko-pribatuaren adibide on bat da. Hezkuntza Sailak espezializazio-programa diseinatzen du, eta Lanbide Heziketako ikastetxe bat haren koordinazioaz arduratzen da; Azurmendi taldeak prestakuntza osoaren kostua bere gain hartzen du, eta ikasleen eskura jartzen ditu profesionalak eta beharrezko instalazioak; eta Bizkaiko Foru Aldundiak beka ematen die programan parte hartzen duten ikasleei.
Prestakuntza amaitzean, Hezkuntza Sailaren Espezializazio Ziurtagiri bat jasotzen dute. Bertan adierazten da zer programa mota jarraitu duten, zenbat ordu eman dituzten eta zein enpresatan garatu den. Ia guztiek izango dute aukera programa amaitzean Azurmendi jatetxean lan egiteko, hala nahi izanez gero.
Euskadiko Lanbide Heziketako espezializazio-programak
Espezializazio-programak Lanbide Heziketa Dualeko modalitate bat dira, hiru urteko iraupenekoak, eta Euskadiko Lanbide Heziketako programa propioak dira. Parte hartzen duten ikasleek bi urteko prestakuntza-zikloa egiten dute, eta hirugarren maila bat gehitzen diote zikloari espezializazio-programa honen bidez.
Euskal produkzio-sektoreek dituzten kualifikazio-premia espezifikoei erantzuteko nahieran diseinatutako programak dira. Horrela, Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta, aldi berean, enpresen edo produkzio-sektoreen lehiakortasuna bultzatu nahi da, goi-espezializazioko profil profesionala lortzeko dagoen gero eta premia handiagoa kontuan hartuta. Horregatik, enpresan burutzen den prestakuntza praktikoko ordu askorekin diseinatzen dira.
Euskadiko Lanbide Heziketa programa hauek ezartzen hasi zenetik –2015-2016 ikasturtean– gaur arte, Hezkuntza Sailak abian jarritako espezializazio-programen katalogoa 29 programara iritsi da, 152 enpresarekin lankidetzan diseinatuak. Gehienak industria-sektorekoak dira (Mekanizazio aurreratua; Makina-erreminta; Pieza aeronautikoen fabrikazio aurreratua; Kalitate metrologikoaren kontrola…), baina azken urteotan, besteak beste, elikaduraren, gastronomia eta ostalaritzaren edo menpeko pertsonen zaintzaren arloetako programekin osatu da eskaintza. Aldi honetan guztian zehar Lanbide Heziketako 901 ikasle prestatu dira espezializazio-programen bidez.
Ikasturte honetan guztira 15 espezializazio-programa ezartzen ari dira, eta 190 ikaslek parte hartzen dute programa horietan.