Asier Goiria: “Hurrengo denboraldira begira, gure helburua ahalik eta jokalari gehien mantentzea da”

ELKARRIZKETA MARKEL GARCIA
SDA-ko kirol zuzendaria elkarrizketatu dugu Urritxe futbol zelaian. Berarekin hitz egin ondoren, kargu honetan oso pozik dagoela nabarmentzen da eta hurrengo denboraldiari begira, ahal den eta jokalari gehien mantentzen ahaleginduko da.

Zer dela eta erabaki zenuen SDA-ko Kirol zuzendaria izatea?
Ni Zornotzara iritsi nintzenean, kontratuak bi urtez jokalari modura eta bi urtez zuzendari modura aritzea hitzartua zuen. Lehen bi urteak pasa eta gero, kirol zuzendaria izateko aukera izan nuen, baina, ni jokalari bezala gogotsu ikusten nuen neure burua baita jolasten jarraitzeko ere. Orduan, Aitor Larrazabal heldu eta Getxon bukatu nuen nire azken urtea jokalari bezala.
Pasa den denboraldian, kontratua sinatua nuenez eta jendeak asko animatu ninduenez, kargua hartzea erabaki nuen.

Erreza da mota honetako kargu bat eramatea? Erantzukizun handiko lana dela uste duzu?
Lan guztiak bezala, azkenean erantzukizun handia daukazu. Gainera, ni zornotzarra naiz, eta beti herritik ibiltzen naiz. Jendeak ezagutzen zaitu eta presioa hor dago. Egia esan, oso gustura nago, jendea nirekin oso ondo portatzen da eta giroa ikaragarria da.

Aldaketa handiak ikusten dituzu bigarren urte honetan lehen urtearekiko?
Dakigunez, klubaren egoera ez da erreza, eta gainera sartu berri den zuzendaritzak izugarrizko aldaketak jasan ditu.
Oso langileak dira, eta gainera aurkitu zuten egoerari aurre egitea lortu zuten. Egiten duten lana bikaina da, eta horrek, erraztasun handia ematen dit gauzak ondo egiteko.

Bi urte gutxi gora behera pasatu dira erretiratu zinenetik (Getxo), oraindik jokalari gogo hori sentitzen duzu? Noizbait berriro bueltatzeko ideia bururatu zaizu?
Egia esan, ez. Nik uste dut utzi nahi nuen momentuan utzi nuela. Askotan enbidiarik ba al dudan galdetzen didate, baina, ez dut horrelakorik sentitzen, gustura nago hartu nuen erabakiarekin.

Zure jokalari urteetatik, zein momentu azpimarratuko zenuke?
Eibarren egon nintzenean, bigarren mailara iritzi nintzen momentua uste dut. Eibarrera iritsi eta jarraian CD Numancia-ra lehen mailako talde batera salto egitea, izugarria izan zen. Urterik politena izan zen, izugarri gozatu nuen.

Zapatuan denboraldiko 35. partidua beteko duzue, nola dago taldea gelditzen diren partiduei aurre egiteko?
Taldea oso sendo ikusten dut, bigarren bueltan partidu bat bakarrik galdu du eta horrez gain, egunerokotasunean taldea oso ondo dago. Astebururo irabazteko gogo handiarekin egoten da.
Gure helburua beti mantentzea izan da, baina gauden egoera aztertuta, gauza gehiago egiteko ahalmena dugula ikusi dugu. Beste helburu batzuk gertu ikusten ditugu eta jendea konturatu egiten da.

Hurrengo denboraldira begira, nola ikusten duzu kluba? Aldaketak egongo direla susmatzen duzu?
Gure asmoa bloke hau mantentzea da, azken urteetan talde ia berri bat egiteko erronkarekin aurkitzen ziren. Klubaren estabilitateari alde batetik, eta kiroltasunari bestetik, ondo etorriko litzaiguke ahal den eta jokalari gehien mantentzea.
Junta honek konfiantza asko ematen du eta espero dugu alde horretatik errazago izatea.

Artículo anteriorABESKIMU PARTICIPA EN EL CONCURSO DE COMPOSICIÓN PARA COROS “Gran Premio BBK”
Artículo siguienteLA REVISTA RUMANA “ZORILE» PUBLICA UN EXTENSO REPORTAJE SOBRE LOS RUSOS LIPOVENOS DE AMOREBIETA