Aritz Labrador orkestra zuzendari

Pasa den martxoaren 3an, Aritz Labrador gazte zornotzarrak Euskalduna Jauregian orkestra bat zuzentzeko aukera izan zuen, 2019ko Musika-Música jaialdi internazionalaren barnean.

Musika-Música jaialdia Bilbao 700 III Milenium fundazioak urtero-urtero antolatzen musika klasikoaren inguruko festibala da. Lau egunetan zehar, 100 kontzertu baino gehiago eskaintzen dituzte orkestra, ganbera-talde eta bakarlariek, bai profesionalak bai amateurrak. Aurten Londreseko BBC Philharmonic, Münchener Kammerorchester, Orpheus Chamber Orchestra, Les Dissonances eta Athenäum-Quartet (Berliner Philarmoniker) bezalako taldeek parte hartu dute, baita Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Udal Bandak ere.

Bilboko Behotsik Orkestrak ere parte hartu du aurtengo edizioan. Hiriko musikari gazte batzuek sortu zuten orkestra orain dela bost bat urte eta musika sinfoniko amateurra egiten duten orkestra bakarrenetarikoak dira inguruan. Behotsik orkestra gazteek sortu, kudeatu eta gozatzen dute. Aurten gure herriko Aritz Labrador izan dute zuzendari gonbidatu bezala. “Orkestra zuzentzeko deitu ninduten eta poztasun handiz hartu nuen gonbidapena; urteak dira festibal honetara entzule bezala noala, eta orain bertan parte hartzea esperientzia bikaina izan da” dio Aritzek.

Aurtengo edizioak Londres eta New Yorkeko XIX. eta XX.mendeetako musikak bildu izan ditu. “Behotsikekin bi konpositore aztertu eta jo ditugu: Edward Elgar eta Arthur Sullivan. Elgarren Elegia eta Enigma Bariazioetako Nimrod jo genituen lehenengo. Sokentzako pieza oso sentiberak eta hunkigarriak dira; hasiera-hasieratik publikoa harrapatu genuen. Ostean, Pomp and Circumstance jo genuen, autore berdinarena; Euskalduna Jauregi osoa dantzan jarri genuen erritmo biziko martxa honekin. Azkenik, Sullivanen bi operaten oberturak jo genituen, Pirates of Penzance eta HMS Pinafore; joaz disfrutatzeko obra bi, zirku eta Broadway musiken tarteko adibide bi. Programa ederra eskaini genuen eta denok oso pozik bukatu genuen.” Aritzek asko baloratu eta estimatu izan ditu orkestra honek eskaini dion aukera, baita taldeko kideek horrelako kontzertu bat montatzean disfrutatu izana ere. “Inpaktu txiki bat eduki nahi izan dut haiengan. Notak irakurtzetik musika egitera, tarte handia dago…”.

Aritz Labrador Goi-mailako Musika Ikasketak egiten ari da Musikenen (Donostia), Txistu espezialitatean, baina tarteka, zuzendaritza ikastaro desberdinak egiten dihardu, Musikenen eta zentrotik kanpo ere. Hemendik hainbat urtera zuzendari ikusten du bere burua. “Txikia nintzenean piano elektrikoa martxan jartzen nuen eta aitak txinatik ekarritako zotzak erabiltzen nituen nire logelako orkestra zuzentzeko.” gogoratzen du Aritzek. “Orain ametsak egi bihurtzen doaz pixkanaka, eta nahiz eta bide luzea dagoen oraindik aurretik ikasteko eta lan egiteko, pozik nago horrelako proiektuetan murgilduta egoteko aukerak dauzkadalako. Hurrengo zuzendaritza-proiektua herrian bertan izango da, Zornotzan. Laister berriak izango ditugu!”

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2019

Ir arriba.