ARIÑ-ARIÑ dantza taldearen 50. urteurrena

Ariñ-Ariñ dantza taldea, Zornotzako Berna auzoan, duela 50 urte sortu zen. Garai hartan auzoko mutilek, 16 urte inguru zituztenak izan ziren taldeari hasiera eman ziotenak. Iurretatik, Mikel Sopelana etorri zitzaien Dantzari-Dantza irakastera eta lehenengo aldiz dantzari jantzita 1967ko abuztuaren 5ean, Bernako jaietan egin zuten dantzan. Urte batzuk beranduago nesken taldea sortu zen eta orduz geroztik auzoko eta inguruetako generazio desberdinek taldeari jarraipena eman diote.
Hasierako Dantzari–Dantzaz gain, taldeak urte hauetan zehar Euskal Herriko beste dantza batzuk ere ikasi eta plazaratu ditu, batez ere Bernan eta baita inguruetako auzoetako jaietan parte hartuz.
Dantza taldea, auzotarrentzat lotura handia eta harremanak sendotzeko bide bat ere izan da, entseguetan, ekitaldietan, material eta arropa prestaketetan parte hartuz eta era berean dantza taldearentzat auzoa, eta auzotarrak, ezinbesteko motorra izan dira, urte guzti hauetan iraun ahal izateko.
Ariñ-Ariñ dantza taldea arro sentitzen da Bernako dantza taldea dela esaten duen bakoitzean, auzo txiki baten, urte guzti hauetan taldea iraunarazi duelako.
50 urtetan ez dira beti gari onak izan, desertu momentuak ere pasa izan dira. Gaur egun taldearen helburuak agian ez dira garai batekoak, auzoko biztanleriaren egoera ez den bezala, baina auzoko jaietan dantza egiteko elkartzen gara eta batzuetan saio nahiko potoloak ere sortu ditugu, azken bi urteetan, bertan bizi ez arren, auzoko sentitzen garenon seme alaba txikiak ere plazaratu ditugu, beraiek ere Bernatarrak eta Ariñ-Ariñ dantza taldekoak direla sentiarazteko. Sentimendu hori piztuta mantentzen badugu, Ariñ-Ariñek beste urte asko iraungo ditu.
50 urte hauek ospatzeko taldetik pasatu diren dantzari zein musikariei deialdia egin zaie eta iIrailak 14 eta 15ean izan dute ospakizuna. 80 pertsona inguru, beste hainbat auzotar, lagun eta familiakoekin batera festan ibili dira. ZORIONAK!!!

Artículo anteriorEl Ayuntamiento de Amorebieta-Etxano concederá ayudas para la compra de material escolar
Artículo siguiente2º PUESTO DE GABRIEL RUIZ (ZORNOTZA MENDI TALDEA) EN LA ULTRA BOCINEROS-DEIADAR EXTREM DE 200 KILÓMETROS