ANDRAZKOEN PILOTA TALDEA SORTU BERRI DA ZORNOTZAN

Lagun Onak Pilota Elkarteak badu beste talde berri bat aurten, Andrazkoen taldea alegia. Momentuz 10 dira eta ez da baztertzen beste batzuk ere animatzea. Hauek dira: Garbi, Saioa, Lidia, Iratxe, Nerea, Day, Izaskun, Marian, Garbi II eta Ana. Markel Atutxa da euren entrenatzailea eta Zornotzako Jaietan txapelketa jokatuko dute euren artean. Lau bikote izango dira eta finala uztailaren 25ean izango da. Urduri daude baino ilusio osoz.
Euren artean aspaldi ezagutzen ziren, izan ere, euren semeak pilotan ari dira eta behin Larrabetzutik etorritako nesken partidua ikusi ondoren erabaki zuten taldea sortzea. “Gure semeak pozik daude eta senarrek asko animatzen gaituzte. Kirola egiteko aukera dugu eta astean birritan entrenatzen dugu. Pozik gaude”.
“Urtarrilean hasi ziren entrenamentuak- dio Markel Atutxak- eta dagoeneko afari bi egin dituzte. Hala ere gogo handiz ari dira eta gure elkartean horrelako taldea izateak asko pozten gaitu”.
Esku hutsik aritzen dira, batek bakarrik jarriko du eskularrua, eta erabilitako pilota kadete goxua da. Lesioak ere agertu dira, eskua baltzituta izan du batek. Baina gogoak indar gehiago du eta ez dute amorerik emango. Aurtengo jaietan txalo zaparrada handienak eurentzako izango dira.

Artículo anteriorAndrea Arrizabalaga: “Giro ederra dago Zornotzan”
Artículo siguienteHILERO ZORNOTZAN JULIO 2015