Zornotzan

Herria, Irakaskuntza

Andramari Zornotzako ikastolak 50. urteurrena ospatzen dau

– Aimara Arostegi zuzendariak eta Maria Aldazabal lehendakariak gaur goizean ezagutarazi dute ospakizunen egitaraua. Martxoaren 27an, astelehenean, abiaraziko da, ikastolan Gernikako Arbolaren kimua landatuta: euskara, hezkuntza, kultura, kirola, musika, oroitzapenak eta sentimenduak izango dira, besteak beste, jardueretako osagaiak
– Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak, Mikel Urdangarin, Beñat Egiarte eta Joe Gonzalez musikariak, Beñat Ugartetxea bertsolaria, ‘Anita Maravillas’ antzerki taldeko kide den Miren Larrea, Gorka Barrenetxea ginekologoa eta Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak ere egon dira prentsaurrekoan, ikasle ohien ordezkari moduan
IMG_1903 (Copiar)
Datorren astelehenean, martxoaren 27an, Andramari Zornotzako Ikastolak bere 50. urteurrena handiro ospatzeko ekitaldi-egitarau zabala jarriko du abian. Aimara Arostegi ikastolako zuzendariak eta Maria Aldazabal lehendakariak gaur eman dute ezagutzera jardueren egutegia: oroitzapenen, esker onen eta sentimenduen konbinazio anitza izango da, musikaz, kulturaz, pedagogiaz, euskaraz, kirolez eta festaz apainduta. Ospakizunak apirilaren 1ean izango du amaiera-ekitaldi handia, ekitaldi ugari bezain esanguratsuak bilduta: txupinazoa eta pregoia herriko plazan, kalejira herriko kale nagusietan eta 500 lagunentzako herri bazkaria Larreako kiroldegian, beste ekitaldi askoren artean. Bide batez esanda, ikastolan bertan eskura daitezke bazkarirako gelditzen diren txartel apurrak.
Arostegik eta Aldazabalek zuzendu dute ikastolako eraikin berriaren atondoan egin den prentsaurrekoa, ikastolako ikasle ohi ugariz inguratuta: Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak, Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak, Mikel Urdangarin eta Jose Gonzalez musikariak, Beñat Ugartetxea eta Unai Ormaetxea bertsolariak, Gorka Barrenetxea ginekologoa eta ‘Anita Maravillas’ antzerki taldeko kide den Miren Larrea.
Arostegik gogorarazi du Andramari Zornotzako ikastola 1966-1967 ikasturtean sortu zela, frankismo-aldi betean, etxebizitza klandestino batean. Miren andereñoa arduratzen zen lurzoruan jartzen ziren neska-mutilei eskolak emateaz. Carmelo komentuko gela bat eta don Adolfo eta don Andresen akademia ere izan ziren behin-behineko egoitzak, harik eta Ixer auzoan lehen ikastola eraiki zuten arte. 1981ean izan zen Larrearako lekualdatzea; alabaina, duela 36 urte inauguratu zen eraikin hark hainbat zabaltze-lan izan ditu harrezkero, gaur egungo instalazio modernoak lortu arte. «Gizarte euskalduna, prestatua, ekintzailea, solidarioa eta garaian garaikoa hezteko helburua daukagu, eta horretarako egunero lan egiten dugu, gurasoekin eskuz esku. Bi lerrotako ikastola gara; ez gara oso handiak, baina ez gaude bakarrik: Ikastolen Elkarteko kideak gara eta elkarteko beste ikastolekin batera osatzen dugu Euskal Herriko Kooperatiba Europarra. Ikastolen Elkarteak sortutako materialgintza pedagogiko aitzindari eta aurrerakoia txertatuta daukagu geure hezkuntza proiektuan. Beraz, gure ikastolan, ikastetxe txikiek duten goxotasun, senidekortasuna, hurbiltasuna eta prestakuntza ikastetxe handiek dituzten abantailekin uztartzen ditugu», azaldu du Arostegik.
IMG_1910 (Copiar)
Aldazabalek ekitaldien egitaraua aurkeztu du: hilaren 27an, astelehenean, 17:30ean abiatuko da, Gernikako Arbolaren kimua ikastolako ate nagusi alboan landatzeko ekitaldiarekin. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui ere izango da ekitaldian. Ordu erdi geroago, eta ikastolako liburutegian, «Gure historia kafe baten inguruan» izeneko hizketaldia egingo da, bertaratutako guztiek ikastolari lotutako oroitzapenak, pasadizoak eta emozioak kontatzeko. Topagune gozoa bezain gogoangarria izango da, eta ikastolako aitzindarietako batzuek ere hartuko dute parte. Gogoratzeko, gogomina izateko, aitortzeko eta, aldi berean, etorkizunera ilusioz eta indar berriz begiratzeko arratsaldea izango da.
Martxoaren 28an, arratsaldean, Zelaieta zentroko ekitaldi-aretora lekualdatuko da jaia. Bertan, Ainize Sarrionandia EHUko irakasle eta psikologo adituak «Adimen emozionala. Nola landu geure seme-alabekin» izeneko hitzaldia emango du. 19:00etan hasi eta sarrera doan izango da edukiera bete arte.
Biharamunean, hilaren 29an, pilota eta musika eskuz esku bilduko dira Zelaieta pilotalekuan. 18:30etik 20:30era bitartean, kategoria guztietako partidak izango dira: neska-mutilak, gizon-emakumeak… Oinatz Bengoetxea eta Iñaki Iza pilotari profesionalen partaidetza handia ere izango da tartean.
Ostegunean, hilaren 30ean, «50 urte kantu kale» izeneko kalejirak zeharkatuko ditu herriko kaleak. 19:00etik aurrera, eta Kalbario plaza abiapuntu, txistulari eta trikitilarien laguntza izango dute abestia herrikoiak kantatu nahi dituzten guztiek. Antolatzaileek abestien letrak biltzen dituen liburuxka bana banatuko die bertaratutakoei, horren beharra dutenei parte hartzen laguntzeko.
IMG_1891 (Copiar)
Ostiralean, hilaren 31n, Ikastola izango da jaiaren erdigunea, eta bertako ikasleak protagonista nagusiak. Goiz osoan hainbat eta hainbat jarduera burutuko dira ikasle txiki eta handientzat, bai eta Xaiborren bi emanaldi ere. 16:30etik 18:00etara, txokolatada batek emango dio azken ukitua egunari.
Eta apirilaren 1ean, larunbatean, izango da azken jaia, egun nagusia, 12:00etan herriko plazan hasita, herri-kirolen erakustaldia tarteko. 12:30ean kalejira bat abiatuko da bertatik, erraldoien, joaldunen, txistularien eta trikitilarien laguntzaz herria zeharkatzeko. 13:30ean pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko da udaletxeko balkoitik. Ondoren, jaia Larreako kiroldegira lekualdatuko da, bertan banatuko baita 500 lagunentzako bazkari erraldoia. Bazkarian zehar bi abesbatzaz, bertsolariez eta azken erromeriaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.
IMG_4956 (Copiar)
Amorebieta-Etxanoko kaleak eta gizarte-sareak (Facebook: https://www.facebook.com/AndraMari50Urte; Twitter: https://twitter.com/AndraMari50Urte; y Youtube: ttps://www.youtube.com/channel/UCN_drCyPMWEDlrAJQ5BGUiw) dagoeneko bero-bero daude, 50. urteurreneko jaiaren atariko. Izan ere, Arostegik eta Aldazabalek adierazi duten bezala, Amorebieta-Etxanoko eta Euskal Herriko txoko guztietako herritar eta euskaltzale guzti-guztientzat daude irekita jaiaren ateak.

+ Leer más

Ate irekiak eta matrikulazioa Haurreskolan

10/04/2024
Familia interesdunek apirilaren 22tik maiatzaren 10era aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, bai online edotaaurrez aurre. • Apirilaren 18an, halaber, ate irekien jardunaldia egingo da instalazioak eta hezkuntza-programa ezagutzeko. Zornotzako Haurreskolak 2023 eta 2024 urteetan jaiotako haurrakmatrikulatzeko epea irekiko du datorren

Restaurante Propi, la sede social del Zornotza Saskibaloi Taldea

21/03/2024

Lander Urien lleva las riendas del Restaurante Propi desde el pasado mes. Este iurretarra formado en los fogones de los restaurantes Etxebarri, Horma Ondo, Hotel Igeretxe…diseña y prepara los menús diarios. Basados todos en la cocina tradicional, “siempre vamos a

LAS CIGUEÑAS VUELVEN A ANIDAR EN AMOREBIETA

27/02/2024

En Amorebieta hay un gran nido en el lado sur del campanario de la parroquia AndraMari ocupado por una pareja. También han regresado a la antena de Telefónica, donde hace unos años lograron construir su nido, a pesar de que