Icono del sitio www.amorebieta.com

Amorebieta-Etxanoko Udalak udako hilabeteetan irakurketa sustatzeko programa jarri du martxan

➢ Udal liburutegiak Itsu-Itsuan egitaraua antolatu du, liburu bat “itsuan” aukeratzeko, haren egilea edo izenburua ezagutu barik.
➢ Helburua, liburuak aukeratzeko betiko moduekin apurtzea eta udan irakurketa sustatzea da.
➢ Ekainaren 28tik irailaren 15era, Zornotzako liburutegiko hainbat liburu bilduta egongo dira, eta irakurleei euren aukeraketan gidatzeko zenbait pista izango dituzte.
➢ Egitarauan parte hartzen dutenak, Zinemaldia 2018ko film baterako bi sarreren zozketan sartuko dira.

Ametx erakunde autonomoak Itsu-Itsuan jarri du martxan, Udal liburutegiak udarako antolatu duen irakurketa programa. Ekimenaren helburua udako hilabeteetan irakurketa sustatzea eta herritarrei ohikoak ez diren literatura proposamenak irakurtzen animatzea da. Ekainaren 28tik irailaren 15era, Zornotzako liburutegiko hainbat liburu bilduta egongo dira, eta irakurleei euren aukeraketan gidatzeko zenbait pista izango dituzte.
Programan, liburu bat aukeratuko da, bildukinean agertzen diren pistei jarraituz. Liburuak aukeratzeko betiko moduekin apurtzea eta bestela aukeratuko ez liratekeen liburuei aukerak ematea bilatzen da. Aukeraketarako metodo sistematikoak berriztatzeko modua da; literatura arloko abentura bat, hitzordu itsua liburu batekin.
Horretarako, parte hartzaileek ez dute ezagutuko liburuaren egilea ezta izenburua, liburua ezkutatzen duen bildukinean markatuta dauden pistak baino ez.
Irakurketa atseginerako aukerak bideratzeaz gain, programa honetako liburu bakoitzean fitxa bat sartu da, irakurleek, labur, liburuarekin izan duten topaketa atsegina izan den ala ez esan eta sortutako esperientzia azal dezaten. Fitxa hori Liburutegiko kutxa batean utziko da, eta Zinemaldia 2018ko film baterako bi sarreren zozketan sartuko da.
Programa, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko edozeinentzat dago zabalik. Beraz, parte hartzeko baldintza bakarra EAEko edozein liburutegiko irakurketa karneta edukitzea izango da.

Salir de la versión móvil