Amorebieta-Etxanoko Txistu Egunaren XX. edizioa ospatuko da irailaren 24an

• Udazken Txistulari Taldeak antolatu du ekitaldia eta zortzi bandak hartuko dute parte 

Aurten ere Udazken Txistulari Taldeak Txistu Eguna antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalaren babesarekin. Ekitaldia datorren irailaren 24an, larunbata, 17:00etatik aurrera egingo da. Horrela, aurten Txistu Egunarekin XX.edizioa ospatuko da. Udazken Txistulari Taldeak txistua zabaltzeko lan egiten du, gure kultura tradizionalari lotutako musika-tresna gisa, baina bizirik jarraitzeko eta egungo gizartean parte hartzeko borondatea duena bultzatuz. Taldeak instrumentu hau gure gizartean, ospakizunetan eta herriko musika eskaintzan ohikoa izatea bilatzen du. Horretarako, kalejira egiten du urteko igande guztietan (abuztuan izan ezik) eta Amorebieta-Etxanoko auzoetako jaietara joaten da. Gainera, duela 22 urtetik hona, Karmengo jaietan, txistularien kontzertua antolatzen du, beste herri batzuetako musikariekin, abesbatza batekin, metalekin eta abeslari gonbidatuekin.

Txistu Egunaren helburua da herriko kaleetan zehar banda ezberdinak jotzen entzuteko aukera eskaintzea eta herritarrei txistulari taldeen musikaz gozatzeko aukera ematea. Horrela, irailaren 24an zortzi taldek hartuko dute parte Txistu Egunean: Iruñeko Oskia txistulari taldea; Eibarko Usartza; Legazpiko Goiz Deia; Lekeitioko Itxaropena; Bermeoko Kankinkabara; Errenteriako Gazteak; Durangoko Jaizale eta Amorebieta-Etanoko Udazken txistulari taldea. 

Kalejirak eta kontzertuak arratsaldean zehar

Txistulari talde bakoitzak herriko hainbat gune zeharkatuko ditu Txistu Egunean: Gane, Ixer, Sabino Arana, Zubibitarte, Zubipunte, Bizkaia eta San Juan, Santa Ana eta Andrandi. Ondoren, 18.00ak aldera, talde guztiak arituko dira herrian zehar kaleak alaitzen, Zelaieta Zentrotik abiatuta eta Udaletxea San Pedrotik, San Migeletik, zeharkatuz eta gero, ondoko lekuetara iritsi eta espazio bakoitzean kontzertua eskainiz: Gernika plaza; Andra Mari plaza; Ibaizabal kalea Ogenbarrenari; Venezia; Kalbarioko plaza; Harrison; Tomasa plaza Luis Urrengoetxean eta Euskal Herria plaza. Gainera, Udazken txistulari taldetik adierazi dutenez, Txistu Eguneko talde berberek parte hartuko dute Ogenbarrenako jaietan, 19:00etan.

Artículo anteriorLAGUN ONAK PILOTA ELKARTEA 2022-2023
Artículo siguienteAndres Espinosa gogoan, urriaren 2an egingo den ibilaldian