Amorebieta-Etxanok 400 eurora igo ditu jaioberriengatik emango dituen diru-laguntzak

• Ondorengo berri bakoitzarengatik, zornotzarrek lehen eskuratzen zituzten 300 euroak baino 100 euro gehiago eskuratuko dituzte.
• Neurri honek herriko merkataritzan ere eragina izango du. Izan ere, gastua herri bueltako dendetan egin beharko da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak seme-alabak jaio edo adoptatzeagatik ematen dituen diru-laguntzak handitu ditu. Lehen 300 euro ematen ziren eta aurrerantzean 400 emango dira.
Udalak jaiotza-tasaren inguruko politikak egiteko beharrari eta lana eta familia uztartzeko beharrari erantzun nahi die. Udalbatzak gaur goizean onartu duen ordenantza berri honen helburua da gastuen zati bat estali, familiek, ahal den neurrian, seme-alaba gehiago izan ditzaten.
Diru-laguntza handitzeak herri bueltako merkataritzari ere eragingo dio. Diruz lagundu daitekeen gastua adingabearen beharrizanetarako egin behar da eta gastua Amorebieta-Etxanoko establezimendu batean egin behar da, esaterako halakoren batean: farmazia, umeen arropa denda, etxerako umeen tresna eta osagarrien denda, etab.
Jaiotza edo adopzio anizkoitzen kasuan, diru-laguntza jaiotako edo adoptatutako ume bakoitzeko emango da.
Eskariak Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira seme-alaba jaio denetik edo adopzioaren ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean.

Artículo anteriorEl Ayuntamiento de Amorebieta-Etxano celebra el Día Internacional de las Mujeres
Artículo siguienteAmorebieta-Etxano se adhiere al Programa Ciudades Amigas de la Infancia, de UNICEF