Munduaren gardentasuna, naturaren begietatik. Errotik sortu zen era berekoa, antzerakoa, behintzat, eta orain denaren isla. Moldatzen joan den arren, naturak eskaintzen diguna hizpide hartuta, nolabait. “Mundua sortu zen moduan ikustea eskaintzen dit mendiak eta naturak, oro har”, adierazi du Alfonso Intxausti Amorebieta zornotzarrak. Alegia, “gizakiak zertxobait moldatu duen arren, joaten garen lekuetan, beti izan dan moduan dagoela sentitzen dogu, eta nahiz eta gaur egun gogor sartu den lehiakortasuna, gu horretaz aldendu egiten gara eta arnasten eta naturaz gozatzen jarraitzen dogu”.
Euskal Mendi Federazioko batzordea Shebe Peña Saria erabakitzeko botoa emateko eskatu izan die zirkuituko eta martxetako mendizaleei, izan ere, urtero, pertsona bati ematen ohi diote saria, eta aurtengoan, Zornotzara etorri da saria bera; hain zuzen ere, Zornotza Mendi Taldeko Alfonso Intxaustirengana. Oraindik ere gogoan du mendizaleak 16-17 urte zituela, Mendi Taldearekin egindako lehen irteerak, hots, garai hartako ANI elkartea (Agrupacion Nervion Ibaizabal) eta berauek antolatzen zituzten martxak.
1981eko bat ekarri digu gogora, esaterako. 1981a zen eta Sporting eta Realaren Ligako azken partida zen, bertan Realak aurrenekoz irabazi zuen Liga, eta eurak ANIk antolatutako Arrigorriaga-Arrigorriaga martxan zeuden, eta oinezean zihoazen bitartean, partida zuzenean entzuten zihoazen. Ederrak garai hartako oroitzapenak, jende asko du gogoan zornotzarrak, horien artean, Sarata, Jose Luis, Jesus Ormaetxea, Ermogenes, Eusebito, Atxa, …Beste garai bat zela dio, non ez zegoen internetik eta beste era bateko irteerak gauzatzen ziren. Afizioa ez datorkio familiatik Alfonso Intxaustiri, lagun artetik, taldetik, eta naturarekiko maitasunarengandik baizik. Horrek afizio hori garatzen lagundu eta ahalbidetu izan dio.
9. edo 10. urtea izango dira Iraupen Luzeko mendi martxen zirkuitua egiten duela, labur esanda, Euskal Herriko zazpi probintzietatik barrena antolatzen diren mendi martxen egutegia da, non 40-55 kilometro inguruko ibilaldiak izaten diren, batzuk urtero aldatzen doazenak, eta beste batzuk, mantentzen direnak. Jende askok ultratrailak prestatzeko ere baliatu ohi ditu, eta beste askok, toki berriak eta ezberdinak ezagutzeko, edota biak batean. Zalantzarik gabe, mendi martxen munduan giroa ederra eta paregabea da eta zornotzar asko aritzen dira horietan, giro onean, lagun artean, osasunaz eta erronkaz erronka esperientzia berrien bila jarduten. Lagun talde ederra osatu dute Euskal Herriko toki guztietako jendez osatutako pertsonekin batera, non egiaztatuta dudan ,abenturak ez direla sekula ere falta!
“Gaur egun, internetarekin eta baliabide guztiekin, oso asteburu gutxi daude urtean zehar martxak egiteko aukerarik ez dagoenik. Hiru Handiak ultratraila 7 bat aldiz dauka egina, martxa zenetik orain arte. Lehenengo aldian, 26 urte zituen, 1989an. Gerora, 1992an egin zuen, eta ondoren, ezkondu, seme-alabak izan eta 2009an itzuli zen berriz, Martin Uriarte lagun mina zendu eta bere omenez egin nahian, Iñigo Artetxe zornotzarrarekin batera, hain zuzen ere. Ordutik, mendiko lagunak ere. Eta handik, orain arteko edizio guztiak. Ehunmilak proba luzean eta Goierriko Bi Handietan ere askotan izan ohi da, ultratrailetan paisaiaz gozatu eta erronkak ezarriz.
“Sari honen ondoren ere, erronkaren bat jarri beharko zaio buruari, motibazioarekin jarraitzeko aurrera, beti bezala. Horrela bizitzen naz neu pozik, naturan, mendian, lagun artean”, azaldu digu zornotzarrak. Pertsona irekia eta baikorra da nonbait Alfonso eta berak dioen gisa, “nahiz eta oso txarto egon beti ikusi behar dira gauzen alde positiboak, botila erdi beteta ikusi behar da, beti baitaude geu baino txarrago daudenak. Bizitza bidai bat da eta ahal dan heinean, gozatu behar da. Inguru itzelak ditugu Euskal Herrian, eta, Zornotzan, bertan, denetarik daukagu. Errepideak denok ezagutzen ditugu, baina ezagutu ditzagun bideak ere, Arburu non dagoen edota Aramotzeko bazterrak. Neure hiru seme-alabei -Maria, Iñigo eta Luis- naturarekiko neure pasio hori helarazten saiatu naiz beti, eta gero, eurek erabaki dezatela joan nahi duten edo ez, baina oso pozgarria da neuretzako euren kabuz eta elkarrekin gerturatzen direnean naturan eta mendian toki berriak eta ibilbide berriak ezagutzera.
Alfonso Intxausti Amorebietaren hitzetan, “Geuze politenak mundu honetan ia dohainik dira; batez ere… naturaren lasaitasuna eta edertasuna”. Egia borobila eta horrela izaten jarraitu dadila. Naturaren begietatik, munduaren gardentasuna.
Amaia Larruzea Motxobe