Aurreikuspenen arabera, maiatzaren 2aren inguruan iritsiko da Everesteko oinarrizko kanpamentura (5.360 m), eta egun horretatik Txikonek hiru aste baino ez ditu izango Nepalgo isurialdetik tontorra lortzen saiatzeko.
Manaslutik itzuli zenetik 6 aste baino igaro ez direnean, Alex Txikonek Nepalerako bidea hartuko du bihar, hamarkada bat baino gehiago bere lanaren ardatz izan den neguko denboralditik kanpoko erronka bati aurre egiteko. Oraingoan, alpinista bizkaitarra Everest mendia (8.849 m) oxigeno artifizial barik igotzen saiatuko da.
Azaldu duenez, “pandemiak aldaketa asko ekarri ditu eta niretzat ere inflexio puntua izan da. Negu honetan asko gozatu dugu Manaslun, orain arte egiten aritu garen espedizio formatuarekin, baina proiektuari bultzada bat emateko eta erronka berriei aurre egiteko unea iritsi dela uste dut. Horrela, bihar Nepalera egingo dugu hegan, helburu bikoitzarekin: alde batetik, Everesten gailurra egiten saiatzea, eta, bestetik, turistekin eta espediziokideekin buru-belarri inplikatu den eta orain dena geldik dagoela ikusten ari den herrialde bat babesten jarraitzea”.
EVEREST 2021, orain arte Txikonek gauzatu dituen proiektuak baino askoz espedizio txikiagoa izango da, hainbat ikuspuntutik: taldea (Txikon, Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria), denbora (bihartik maiatzaren 25era, taldea hiru aste eskas baino ez da egongo oinarrizko kanpamentuan), babesak… “Proiektu apalagoa ematen duela egia den arren, niretzat apustu pertsonalagoa da eta horri aurre egin behar diot, une oro argi eta garbi izanda unea iristean burua hotz izaten jarraitu behar dudala”, zehaztu du Txikonek.
Aurreikuspenak betetzen badira, taldea maiatzaren 2an iritsiko da Everesteko Oinarrizko Kanpamentura (5.360m), eta, horrela, Txikonek hiru aste izango ditu altuerako kanpamentuetara girotzeko. Alpinista bizkaitarraren aurreikuspena ibilbide klasikotik, Nepalgo isurialdetik, igotzen saiatzea da. “Pandemia-egoeran gauden eta espedizioen joan-etorria beste urte batzuetan bezainbestekoa izango ez den arren, badakigu talde eta alpinista ugarirekin elkartuko garela bertan, eta, beraz, egunez egun joango gara baldintzak baloratzen”.
Argazkiaren egilea: Sendoa Elejalde