ALEX TXIKON ITZULI DA BEHE KANPALEKURA

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)

Azkenean badirudi amaiera, zoriontsua ez izanagatikT fatala ere ez dela izango. Baina gauzak itxusi antzean jarri dira Nanga Parbateko Diamir aldean: Gaur goizean, Alex Txikon, Daniele Nardi eta Ali ‘Sadpara’ arrapaladan abiatu dira 4.kanpalekutik (7.200m) beheruntz; alturako gaitzaren ageriko sintoma larriak antzeman dituzte eskalatzaile pakistandarrarengan. Une honetan Behe Kanpalekuan daude jada, atseden hartzen. Oraindik ere buruko min latza du Alik, zorabioak eta inkoherentziaren bat edo beste hitz egiterakoan, baina, zorionez, kontrolpean dago egoera.

Goizeko 07:30ak, Alex Txikon walkie bidez 4.kanpalekutik (7.200m): “Lainoak zabaldu eta eguzkiak apur bat berotu arte itxarongo dugu, ordu eta erdian aterako gara beherantz”.

Berriro ere 08:00etan: “Ze eguraldi izango dugu jaitsierarako?” Walkiaren bestea aldean, galdera hau errepikakorra iruditu zaigu, bezperan behin baino gehiagotan konfirmatua genuelako eguna lasaia eta atsegina zetorrela; zer edo zer bazegoen hor.

Eta bai, 08:30ean heldu da larrialdia, berriro ere Txikon beste aldean: “Arazoak ditugu, Ali lehenbailehen jaitsi behar dugu, altuera galdu behar dugu. Ez du ondo ahoskatzen, zentzugabekeriak esaten ari da eta ez da gai bere gorputza koordinatzeko; seinale txarra da”.

Janaria, botikak eta denda bat motxilan hartuta, Muhammad Kanek berehala hartu du goranzko bidea, Behe Kanpalekutik 2.kanpalekura (6.700m), gutxienez bertaraino jaitsi nahi baitzuten Txikonek eta Nardik Ali.

7.200 metroko altueran, korrika eta presaka ahal izan dutena bildu eta beherantz abiatu dira hiru eskalatzaileak. “Bere kabuz ibiltzeko gai da, baina oso astiro eta trakets”. 3.kanpalekuaren (6.700m) eta 4.kanpalekuaren (7.200m) arteko azken metroak bereziki delikatuak izan dira: “Luze hauek ekipatu gabe utzi genituen goranzkoan, eta orain oso arriskutsu bilakatu dira, Ali irrist eta irrist dator”. Soka finkoetara iritsi direnean, asperen egin dugu denok, inondik ere. Oraindik, ordea, Horma gaineko izotz biziko pala eta Kinshoffer horma bera jaitsi beharko zituzten, erabateko kontzentrazioa galdatzen duten puntuak dira.

14:00ak iguru, baina, Txikonek berriro ere kontaktatu du Behe Kanpalekuarekin, hiruak dagoeneko 2.kanpalekuan zeudela (6.700m) baieztatu digu. Oraindik ere larrituta baina osoagoa ikusten omen zuten Ali: “Muhammad Kan-ekin hitz egin du irrati bidez eta negar malkoak irten zaizkio, horrek esan nahi du bere egoeraz jabetzen dela, hori ona da”.

2.kanpalekuan atseden pixka bat hartu ostean, 1go kanpalekura arte (5.050m) beste esfortzu bat egiteko gai ikusi dute, eta beraz, korridorean behera abiatu dira, Muhammad Kanekin topo egin arte. Lauak batera, 17:00ak bueltan, iritsi dira 1go kanpalekura. Handik, lasaiago, gertatutakoari buruzko detaile gehiago eman dizkigu Alex Txikonek: “Egia da oso nekatuta antzeman genuela atzo, baina benetan gaur goizean jabetu gara larritasunaz; eskularruaren ordez galtzerdia janzten ikusi dugu, eta alderantziz. Bere adinaz eta seme-alabez galdetu diogu eta bere erantzuna erabat zentzugabea izan da. Gauez ere zarata arraroak egiten entzun dut, baina ez dut, inondik inora, horrelako ezerekin lotu”.

Orain Txikonek eta Nardik (baita Behe Kanpalekukook ere) beren buruari galdetzen diotena da zergatik Ali ‘Sadparak’ ez ote zien lehenago bere egoeraren berri eman, zergatik ez ote zien lehenago esan gaizki sentitzen ari zela. Izan ere, orain bai, Txikonek eta Nardik ulertu eta interpretatu dute atzo tontorretik ordu eskasera pakistandarrak izan zuen jokabide “arraroa” zetorrenaren aurreneko sintoma izan zela. “Tontor saiakerarako beregan ipini genuen gure kondidantza osoa, bitan izan delako gailurrean. Baina galdu antzean ibili zen, beldurtuta bezala, harik eta bat-batean erratu ginela esan eta 4.kanpalekurantz buelta eman behar genuela erabaki zuen arte”. Hau, hala ere, gauzak bere onera itzultzen direnean euren artean hitz egin beharko duten zerbait da.

Bestalde, ustez lortutako 8.000 metroko kota horren inguruan zabaltzen ari diren kritikak aipatuta, nahiz eta oraintxe ez duen horretaz hitz egiteko gogo handirik, Alex Txikonek erantzun du momentuan eta kontrastatu gabe irrati bidez egindako komentario informal bat izan zela eta seguru aski baietz, beherago geratu zirela. “Argazkiak ikusitakoan egin ahal izango dugu estimazio serio bat, baina orain ez da horretarako momentua”. Hemendik, argazkien egileak gehitu eta zehaztu nahi du zabaldutako irudiak ez duela islatzen atzoko igoeraren kotarik garaiena.

Momentuz, Aliren osasunak hobera egin eta guztiz osatzea da garrantzitsuena. “Eguraldi onak jaistea ahalbidetu digulako eta tipo indartxua dela gutxi bezala…”

Artículo anteriorTxikon intentará mañana hacer cumbre en el Nanga Parbat
Artículo siguienteSD Amorebieta 2-2 CD Tudelano. La moneda cae de canto