ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA MANASLUREN BILA

• Inoiz igo gabeko gorako bidea aurkitu ondoren, eta eguraldia ona izango dela ikusita, taldea asteburuan gailurra egiten saiatuko da
• Horretarako, gau bakoitza altuerako lau kanpamentuetako bakoitzean igaroko dute

Alex Txikon eta Simone Moro buru dituen taldeak argi dauka: Manaslun (8.163 m) neguan gailurra egiten saiatzeko unea iritsi da. Zuhurrak dira, baina oso positiboak, eta eguraldiak laguntzen badie eta aurreikuspenak betetzen badira, “igandean gailurrera iristen” saiatuko dira, Alex Txikonek 1. kanpamentura irten aurretik azaldu duenez. Gaua bertan igarotzeko asmoa du gaur.
Ez da erronka erraza izango, ezta gutxiagorik ere. Asteotan konplikazioak izan dituzte behin eta berriro eta, mendian, “inoiz ez dakizu zer aurki dezakezun. Baina horretara etorri gara. Ahalegintzeko unea iritsi da. Indartsu gaude, oso motibatuta, eta gailurrera igotzeko ahalegina egin aurretik genituen helburu guztiak bete ditugu. Egia da konplikazioak izan ditugula, igandean oinarrizko kanpamentua astindu zuen eta denda batzuk berriz muntatzera behartu gintuen haize bortitza, edo 1. eta 2. kanpamentuen artean agertu zitzaigun eta ibilbidea aldatzera behartu gintuen errimaia handia. Azken horrek inoiz egin gabeko gorako ibilbidea antolatzera behartu gintuen, baina badirudi orain bai, aukera bat dugula”, gaineratu du Txikonek.

Phelipe Eizagirreren argazkiak

Printzipioz, eta eguraldiak horretarako aukera ematen duen bitartean, asmoa gau bakoitza goialdeko kanpamentu bakoitzean igarotzea da. Txikonek, Cheppal eta Gelum sherpekin batera, gaur 1. kanpamentuan, bihar 2.ean, ostiralean 3.ean eta larunbatean 4. kanpamentuan egingo dute lo. Simonek bihar egingo du bat taldearekin, 2. kanpamenturaino zuzenean igoz. Atzo, berriz, Iñaki Alvarez zumarragarra eta Kalden eta Namja sherpak abiatu ziren oinarrizko kanpamentutik eta gaua 1. kanpamentuan egin dute.
Epeak betetzen badira, igande goizean gailurra egiten saiatuko dira. “Gure onena eman beharko dugu eta oso kontzentratuta egon. Mendiak azterketa bat jarriko digu, azterketa fisikoa eta mentala eta prest egon behar dugu. Gogorra izango da, baina prest gaude”, azaldu du mendizale lemoarrak.
Badirudi eguraldia “nahiko ona” izango dela. “Zerua estalita egon da. Baliteke elurra egitea gaur, baina ez dugu gauza handirik espero. Gehien kezkatzen gaituena haize-boladak dira, nahiko gogorrak izan daitezkelako. Ikusiko dugu haizea zelan portatzen den. Baina bihar eguraldi oneko leiho bat irekiko dela uste dugu. Itxaroten geunden aukera da. Altueran haizea moteldu egiten da eta nahiko motel egongo da igandera arte. Igandean mendebaldeko haizea ibiliko da eta 7.000 metrotik gora haize horren eragin guztia jasoko dugu”, azaldu du Txikonek. Eta hau gaineratu du: “Ez dira hodeirik gabeko egunak izango, ostiraletik aurrera eboluzio-hodei batzuk osatu ahal izango direlako, baina ez da prezipitazio handirik aurreikusten. Hori bai, ostegun goizaldean hotz handia egingo du, baina ostiraletik aurrera tenperaturak hobera egitea espero dugu”.
Zain zeuden leihoa da. Manasluk ateak irekiko dizkie, baina ez denbora luzez. Astelehenean, otsailaren 15ean, eguraldia okertu egingo da, ezegonkortasuna iritsiko baita. “Aukerez hitz egin badezakegu, hau da horietako bat, zalantza barik. Saiatuko gara. Betiere mendiarekiko errespetu osoz eta pauso bakoitza ahalik eta gehien ziurtatzen saiatuz. Zoritxar larregi bizi izan ditugu aste hauetan. Oso une zailak igaro ditugu, eta lagun eta adiskide batzuek bizia galdu dute. Kirol hau, zoritxarrez, horrelakoa da. Dena ematen dizu, baina baita segundo batean dena kendu ere. Gailurra egiten saiatuko gara eta, lortzen badugu, utzi gaituzten guztiei eskainiko diegu. Saiatzeko unea da”, amaitu du Txikonek.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2021

Ir arriba.