Ametsak egi bihurtzeko bidean da pilotari zornotzarra
Aimar Morgaetxebarria, Zornotzako pilotari gazteak irrikitan dago frontoietara bueltatzeko. Iaz amaiera ezin hobea eman zion urteari, binakako hiru txapelketa garrantzitsu irabaziz: Bizkaiko txapelketa, Diario Vasco txapelketa ospetsua, eta Zaldibar.
- Eskuetan ondorioak izan zenituen eta orain sendatzen prozesuan zagoz.
- “Orain eskuak errekuperatzen nago apurka apurka, ia berriro ondo entrenetan hasten banazen”.
- Frontoietan laster bueltan izango zara?
- “Martxorako txapelketak hasi nahi ditut, Grawn, Zumarraga, etabar. Egutegi oso gogorra da, baina nik aukeratu ahal izaten dot eta eskuentzat ondo dator. Partiduak ondo gestionatu behar dira, pilotagaz gozatu, nik pentsatzen dot partidu asko jokatuz gero ez dugula maila emoten eta lesio asko ere hortik etortzen dira”.
- Baiko enpresarekin aurrekontratua luzatu berri duzu.
-“Orain bi urte t´erdi sinatu neban eta azaroan berriro beste urte bete luzatu dugu harremana. Profesional mailara igotzeko aukerak hor daude, ez dago presarik. Txikitatik nire ametsa profesional mailara igotzea izan da, oraindik ikusten dot afizionatu mailan asko ikasi behar dodala, oso maila altua dago, eta saltoa emateko denbora apur bat itxaron beharko dot.“Amorebietan profesional moduan jokatzea ametsa izango zan”. Grada guztiak beteta, familia, lagunak, oso pozgarria izango litzateke”.
- Fisikoki alde handia ikusten duzu oraindik?
- “Fisikoki prestatu behar dot, gimnasioa egin, nutrizioa ere zaindu, 19 urte ditut, eta oraindik ez nago nagusiekin egiteko. Unibertsitateko klaseak arratsaldez dekodaz eta entrenamentu fisikoa etxean egiten dot, gero Beasain eta Tolosara joaten naz entrenamentu teknikoa egiten. Baikok entrenatzaile fisikoa, teknikoa, psikologoa eta medikua jartzen ditu pilotarien esku. Lehendik konparatuz entrenamentu fisikoak asko aldatu dira, lehen mendia zen entrenamentu basikoa, ehiza, egurre ebagi, orain denok gimnasioan egiten dugu”.
- Psikologoa ezinbestekoa da gaur egun?
- “Garrantzitsuena burua da, psikologoak gero eta garrantzi handiagoa du. Buruak kriston papera dauka. Nire gustatzen zait aurrelaria motibatzea eta psikologoak esaten dit zelan gestionatu, motibatu. Pilotan bi gara eta batek bakarrik ezin du irabazi”.
- Nolakoa da harremana pilotari profesionalekin?
- “Entrenamentuak profesionalekin egiten ditut. Mikel Urrutikoetxea, Larrazabal, jende berria ezagutzen. Beste motibazio bategaz zoaz entrenatzera, eurek ofizio asko dute. Asko ikasten dot, tako gehiago jarri, zuloak zelan egin eskuak txarto dekozunean, etabar. Lehen partiduak topera hasten nintzen, eta 12garren tanturako kao nengoen. Lezora joan nintzen nagusiekin txapelketa batera eta berotzen bakarrik beste kirol bat zela emoten zuen, agian fisikoki ez daude ondo baina eskarmentu handia dute. Badakite noiz eskatu atsedena, aurrelariarekin berba egin, komunikazioa oso garantzitsua da, hasieran ez da erreza, baina tratua gero eta hobeagoa da, lehen urduriagoa egoten nintzen eurekin”.
- Afizionatu eta profesional maila artean aldea nabarmena da orduan?
- “Afizionatu eta profesional mailan aldea dago bai. Nagusietan zuk irabazi behar dozu tantua eta zuk ez galdu. Eurek beti maila emoten dabe. Segurtasuna emon behar zaio aurrelariari berba egiten ere bai, bikote egiteko. Azken aldean konturatu naz berba egitea oso garrantzitsua dala. Diario Vascon Expositogaz jolastu neban eta hasieran apur bat beldur nintzen zeozer esateaz, baina gero entxufatuta negoenez agintea hartu eta 16. tantuan denbora eskatu neban, atzean jolasteko esan nion, nik txapela etxera eraman nahi nuen eta 22-21 irabazi genuen. Ederra izan zen”.
Pilotari honen heldutasuna nabaria da. Laster ikusiko dugu berriro frontoietan. Eta profesionaletara noiz iritsi irrikitan gaude. Aupa Aimar!!! Ametsak egi bihurtu.
Elkarrizketa osoa hemen