Zigor Iturrieta, mendi korrikalaria

Pirineoak zeharkatuko ditu; 800 km 10 egunetan
Erronkak gustokoak ditu, hori nabarian dago. Zigor Iturrieta (Zornotza 1974) mendi korrikalaria da, The North Face taldekoa eta eskarmentu handiko kirolaria. Eubako lagun hau aurtengo denboraldian murgilduta dago eta dagoeneko lasterketa bat irabazi du Menorcan, Cami de Cavalls, 185 kilometrokoa, 21 ordutan bukatu zuen, marka ordu bitan hobetuz.
Ekainaren 27an Munduko Txapeleketan parte hartuko du Chamonix-en (Frantzian) 80 kilometroko lasterketan eta abuztuaren amaieran Montblanc-era (Frantzia-Italia) joango da 166 kilometroko proban parte hartzera. Baina lehenago oporrak aprobetxatuko ditu Pirineotako GR 10 izeneko ibilbidea egiteko.
Guztira 800 kilometro dira Cap de Creus-en hasi eta Higuer-en(Hondarribian) bukatu. Uztailean oporraldiko 10 egunetan burutu nahi ditu erronka hau. 80 bat kilometro egin nahi ditu egunero inolako laguntza barik, hau da, berak eramango du soinean behar duen guztia, janaria, edaria, erropak, etabar. Etapa bakoitzaren amaieran aterpetxean afaldu eta bertan hartuko du atsedena.
Abentura honen berri egunero emango digu bere blogean eta facebook-bidez eta etapa bakoitzeko nondik norakoak azalduko ditu. Gainera nahi duenak lagundu egin diezaioke kilometro batzuetan. Guk ere honen berri emango dugu www.amorebieta.com web gunean.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2014

Ir arriba.