Yellow Cup txapelketa eta aitaren bat

Yellow Cup txapelketa eta aitaren bat

(Apirileko Hileron argitaratutako gutunari erantzuna)

Urtero legez, SDAko koordinatzaileak talde guztietako entrenatzaileei jakinarazten dizkie Aste Santuko torneoak. Talde gehienek hurbileko torneoa aukeratzen dute baina, beste batzuek, noizbehinka urrunekoa. Aurten infantiletako bi taldeen gurasoek urruneko torneoa aukeratu dute:Villarrealeko Yellow Cup-a. Hori bai, gurasoek eurek horrela erabaki dutelako klubak proposamena luzatu ostean.

Eta hori horrela dela jakinda, ulertezina da apirileko Hileron idatzitakoa. Aita horrek ez daki, antza, beste guzti-guztiek bazekitena. Oporretako torneoetan SDAk, maila bereko beste kirol talde guztiek bezalaxe, ez du ekonomikoki laguntzen hotela eta abar ordaintzeko, baina bai jartzen ditu baliabide materialak eta entrenatzaileak. Aurten ere, SDAko infantiletako nesken eta mutilen taldeek ere behar-beharrezko baliabide materialak ez ezik entrenadoreak ere izan zituzten Villarrealen, bi taldeek berdin-berdintsu.

P.M-k idatzi duena, beraz, ez da egia dioenean den-dena gurasoek egin dutela eta ez klubak. Zelan esan daiteke gurasoek antolatu zutela SDAko koordinatzaileak eta entrenatzaileek antolatu zutenean Villarrealeko bidaia? Eta horregatik egon ziren Amorebietako jokalariak, bai neskak eta bai mutilak, autobus eta hotel berean, SDAk horrela agindu zuelako. Horregatik egon ziren infantiletako neskak eta mutilak SDAko koordinatzaile eta entrenatzaileen ardurapean. Egia esan txapelketa horretan gurasoen behar izanik ez zen egon den-dena koordinatzailearen eta entrenatzaileen esku egon baitzen. Beste guztia bazterrak nahasteko gogoa!

​​​

​​​​​​​ (Sociedad Deportiva Amorebieta)

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.