UZTA ONA IGERIKETA TALDEARENTZAT

Amorebieta-Etxanoko Igeriketa Taldeak emaitza onak lortu zituen otsailean Galdakaon eta Iruñean ospatu ziren Bizkaiko eta Euskal Herriko Neguko Txapelketetan, eta martxoan Santurtzin izan zen Haurren Euskal Herriko Neguko Txapelketan.
Mikel Zabala eta Edu Lakuntzaren eskutik, Amorebieta-Etxanoko Igeriketa Taldea hasi da lehen emaitza onak ikusten. Bizkaiko txapelketan sei banakako domina eskuratu zituen -horietako bat urrezkoa- eta, beste bi infantil mailako erreleboetan. Gainera, taldekako nesken junior eta infantil sailkapen orokorrean, laugarren postuan geratu ziren neskak Galdakao, Portugalete eta Barakaldoren atzetik. Aipatzekoa da Getxo eta Santurtzi talde indartsuak, besteak beste, gure neskatoen atzetik geratu zirela.
Bizkaiko txapelketan parte hartu ahal izateko, gutxieneko markak izan behar dira, eta hori gure herriko taldeko 15 kirolarik lortu zuten. Horietatik 12 lehen hamarren artean sailkatu ziren, eta Ainhoa Aurtenetxek (urrezkoa), Leire San Nicolasek ( bi zilar eta brontzezkoa) eta Maite San Nicolasek (zilar eta brontzezkoa) Zornotzarantz ekarri zituzten dominak. Bizkaiko txapelketarentzat gutxieneko markak lortzea gutxi balitz bezala, Euskal Herriko txapelketarako ere lortu zituzten gure herriko taldeko zazpi kirolarik. Ainhoa Aurtenetxe, Sara Gutierrez,Elene Gutierrez, Uxue Zeberio, Leire San Nicolas, Maite San Nicolas eta Ane Intxausti dira tamainako balentria lortu zutenak, eta gainera, horietatik batek, Elene Gutierrezek, brontzezko dominaz borobildu zuen.
Mikel Zabalak eta Edu Lakuntzak duela hiru urte hartu zuten taldea sortzeko ekimena. Hasiera ez zen erraza izan ez zuten-eta inolako laguntzarik eduki, eta 9 kirolarirekin baino ez ziren abiatu proiektuarekin. Igerilekuan, kalerik ere ez zieten eman, eta igerilekuko ohiko erabiltzaile gisa entrenatzen zuten. Gainera, Zornotzan igeriketa eskola dagoen arren, konpetizio mailan tradizio gutxikoa izan da gure herria. Horri guztiari buelta eman, eta haratago joan nahi izan dute taldeko entrenatzaileek, baita lortu ere. Egun, Udalaren laguntza jasotzen du taldeak; 60 bazkidetik gora dira gaur egun, eta daramaten seriotasunaren adierazgarri da hiru gazte Bermeoko muturretik datozela egunero bi ordu entrenatzera. Federatuez gain, 20tik gorako ume taldea daukate eskola kiroleko igeriketa txapelketetan parte hartzen, eta gaueko 8:30etik aurrera nagusientzat, igeriketarako hobekuntza saioak ere egiten dituzte, triatloi, itsas igerialdi eta horrelakoak prestatzeko. Aurten Igorreko igeriketa taldean ere ardurak hartuta dabiltza, Ane Intxausti (Fernan Intxausti udaltzainaren alaba, igerilari aparta izandakoa) eta Xabi Ceparen laguntzarekin. Zerbait ondo egiten ari ei dira Garaiko eta Zornotzako bi gazte horiek! Zorionak!
Txapelketetan parte hartu zuten taldeko igerilarien zerrenda:
Leire San Nicolas Maite San Nicolas
Uxue Zeberio Irati Cano
Sara Gutierrez Elene Gutierrez
Ainhoa Aurtenetxe Maider Goiria
Agathe Loroño Olatz Magunazelaia
Beñat Vadillo Zaira Murillo
Nerea López Iraide Amorrosta
Ane Intxausti

Eneko Iturriberrigoikoerrotakoetxea
Zornotzan, 2012ko martxoaren 9an.

Artículo anteriorEBA: El Zornotza mete la directa
Artículo siguienteElkartasun pilotakadak