URTEBETE AGROEKOLOGIAREN ALDE

Beharbada, azken hileotan, Herriko Plazako izkina batean barazkiz, patatez, arrautzez, jogurtez, arrozez…. betetako otzarak ikusiko zenduezan. 2012. urtean, Zornotzako 9 familiak gure kontsumo ohiturak aldatzeko erabakia hartu gendun. Zornotza eraldatuz taldeak ideia plazaratu eban eta Bizkaiko EHNE sindikatuagaz kontaktuan ipini ondoren, Alazne Intxauspe eta Jon Bereziartua baserritarrak ezagutu eta, bilera batzuen ostean, 2012ko urrian, ekimena martxan jarri zan.

Ordutik, martitzenero, Alazne eta Jonek (batez ere, baina baita beste baserritar batzuek eta nekazari-kooperatibek) ekoiztutako produktuak eskuratzeko aukera daukagu. Jatorrizko 9 familiadun taldea 15 familiatara zabaldu da, baina hazten jarraitzeko helburua dogu.

Baina, zergaitik sortu eta bultzatu mota honetako ekimenak? Sasoiko eta kalitatezko produktuak kontsumitzea agerien daukagun ondorioa bada ere, irakurketa sakonago batek beste ondorio garrantzitsuago batzuetara garoaz.

Alde batetik, merkatu globalizatuen konpetentziak eta bizi-estilo barriek gure herriaren historiari hain lotuta egon diran baserriak kaltetu dabez. Gaur egun ez da batere erreza hauen ustiapenetik bizitzea eta, horregaitik, bideragarriak izan daitezan, gizartearen bultzada ekonomikoa beharrezkoa dabe, ekoiztutako produktuei irteera emonez eta justuagoak diran prezioak ordainduz, merkatuaren gorabeherak dakarrezan kalteak saihesteko.

Bestetik, eskuragarri daukaguzan produktuak lortzeko ekoizpen metodo jasangarriak (ekoizpen agroekologikoa) eta transgeniko bakoak erabiltzen diren lez, ingurugiroak ere ondorio positibo nabarmenak jasaten dauz. Produktu hauek lokalak izaterakoan, jakiak kontsumorako momenturik aproposenean batzen dira, eta egun gitxiren buruan gure mahaietan aurkitu daikeguz. Honek, kalitatean eragiten dau, eta bide batez, garraioan sortutako kutsadura gitxitzen laguntzen da. Bitxikeria lez, gaur egun EAEn kontsumitutako produktu guztien %4 bakarrik ekoizten da erkidegoan, beste guztia kanpotik ekartzen da.

Azkenik, aitatu gura dogu, ekoizle-bezero rol klasikoa ekoizle-bazkide bihurtzen dala. Taldearen kudeaketa eta plangintza bazkide danen artean erabakitzen da, auzolana bezalako kontzeptuak taldearen ardatz bihurtuz.

Beraz, taldearen gaineko informazio gehiago gura badozue (bazkide egiteko edo antzeko talde bat sortzeko) eta gugaz harremonetan ipini, edozein martitzen arrastitan (19:30etatik 20:30era) Herriko Plazatik pasatu zaitekezie edo alaznentzat@gmail.com helbide elektronikora idatzi daikezue.

Kontsumo ohiturak gure gizartea eraldatzeko tresna boteretsuak diralako!

Taldeko kideak

Artículo anteriorII Concurso de Maquetas de Durangaldea
Artículo siguiente40 ZORNOTZAR INGURUK PARTE HARTUKO DUTE AURTEN HIRU HANDIAK LASTERKETAN