SPANTIK 7.027m ZORNOTZATIK KARAKORUMERA

Zornotzako lau lagunen ametsa abian da. Andoni Fernandez, Unai Barroeta, Ibon Ginea eta Pello Amantegi. Uztailean irtengo dira Pakistango Himalayara, Karakorumera, bertan Spantik izeneko mendiaren gailurra egiteko asmoz. Hauxe izango da euren lehen 7.000tik gorako mendia eta ilusioz beteta daude. Helburua lortzeko laguntza eske dabiltza, laster kamisetak jarriko dituzte salgai. Lagundu arren!

Zelan izan duzue espedizio honen idea? “Lurralde hauek ezagutzeko gogoa beti egon da gure baitan, baina beti urrun ikusten zen gure ametsa, pasadan urteko Abendua heldu zen arte. Garai haietan Aconcagua mendiko magaletan ginenean, amets hau forma hartzen hasi zen. Zornotzako hiru mendigoizale aurkitu ginen bertan eta Zornotzara helduaz batera gure lagun taldeko beste mendigoizale batekin hitz egin eta proiektuaz konbentzitu genuen”.
Eta aukeratutako mendia nolakoa da? “Spantik edo Golden Peak ( Urrezko tontorra) Baltistan lurraldean kokatzen den mendia dugu, Arandu eta Nagar bailaren tartean eta bere altuera 7027 metrokoa da. Islamabad-etik Skardu-ra joan beharko gara( Baltistango hiririk handiena) eta bertatik Arandu herrira. Arandu glaziar biren artean kokatzen den herria dugu eta bietako batetik (Chogolungma glaziarra) oinarrizko kanpamendura iristen da. Kanpamentu hau 4.300 metroko altueran kokatzen da”.
Eta hortik gora? “Kanpamendu honen ondoren beste hiru kanpamendu osatzen dira. Lehen kanpamendua 5000 metro baino pixka bat gorago kokatzen da. Bigarrena 5.500 metro inguruan. Igoera harizta batetik egiten da eta kanpamendu desberdinak harizta horren leku desberdinetan kokatzen dira. Hirugarren eta azken kanpamendua 6.300 metro inguruan kokatzen da eta aklimatazio ona eginda gero bertatik egiten da tontorrerako saiakera.”
Helburu argia duzue orduan? “Espedizio honen helburua kirol jarduera sakona egiteaz gain, Baltistan eta Karakorum lurraldeko natura eta ingurugiroaren ezagutza da. Honela gure herrian ere kirol jarduera ezagutarazi eta lurralde honetako ezaugarri, ohitura, bizimodu, azken finean beraien kultura ezagutzera eman nahi dugu. Horretarako argazkiak eta bideoak egingo ditugu”.
Planifikazioa eginda duzue? “Bai. Uztailaren 18an abiatuko gara Madriletik eta Islamabad-era iritsiko gara hurrengo egunean, Dubai-en eskala eginez. Egun batzuk pasata Skardu-ra helduko gara. Mendiko trenzaria guztia atondu, jana erosi, eta oinarrizko kanpamendurako bideari ekingo diogu. Lau egun beharko ditugu herritik irten eta hara eramango gaituen erronkaren iturburuan kokatzeko. Mendia igotzen eta jaisten hiru aste emango ditugu”.
Gainera zuen espedizioa ekologikoa omen da. Zelan da hau? Mendizaleok ibiltzen dugu mendiak, mendizaleok mantendu behar ditugu garbiak. Mendira eramaten dugun guztia berriz ere kalera jeitsi behar dugu, bai latak, bai organikoa, papera, kristalak, dana.

Hau dena egiteko diru asko beharko duzue, ezta? “Karakorum eta Himalaya mendikateak mendizaleentzako hain erakargarriak direla jakinda bertako gobernuek etekina atera nahi izaten dute eta era horretan baimenetan dirua ordaintzera behartzen dituzte mendizaleak, diru kopurua oso altua izaten delarik.Spantik igotzeko baimenak 1.200 euro inguruan kokatuko direla uste dugu. Baimen hauek oso ondo bete behar dira, zeren bestela izugarrizko isunak ordaintzeko zigorra dago. Guzti honi Pakistaneko lurraldean sartzeko baimen guztiak gehitu behar zaizkio, bisatua eta bertako garraiolari eta sukaldariei ordaindu beharreko dirua. Bukatzeko lo lekuak eta aseguruak ere gehitu behar dira”.
Dagoeneko hasi dira tramiteak egiten. Espedizioa finantziatzeko laguntza eske hasiko dira orain. Denda eta enpresak bisitatu eta kamisetak salgai ipiniko dittuzte.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.