Santiago Onaindia bekaren XII. edizioko lana argitaratu da

• Joxe Zapirainen bertso-malkoak. Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez da lanaren izenburua, eta Pio Perez Aldasoro irakasle eta ikertzaileak egin du.
• Oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginen barruan kokatuta dagoen lana da, historiako garai ilunak dakarzkiguna.
• Bestalde, abian jarri du Amorebieta-Etxanoko Udalak bekaren XIII. edizioa.
• Beka honek 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta lana burutzeko epea urtebetekoa da.

santi-onaindia

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta mendeko duen Ametx erakunde autonomoak, Labayru Ikastegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia bekaren XII. edizioan irabazle izan zen lanaren argitalpena aurkeztu dute gaur. Pio Perez Aldasoro irakasle eta ikertzaileak burututako lana da.
Euskal literaturaren alorreko ikerketa lanak sustatzea xede duen bi urterik behin deitzen den beka honen bidez Santiago Onaindia omentzen da.
Labayru Ikastegiak argitaratzen ditu Santiago Onaindia Bekaren hartzaile diren proiektuak “Aita Santi Onaindia Beka” bildumaren barruan. Oraingo honen izanburua Joxe Zapirainen bertso-malkoak. Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez.
Proiektu honen bidez, Joxe Zapirainen bertsoak aurkitu izanak eragin zion harridura islatzen du egileak; izan ere, bertsolaria kantari hasi baitzen, negarrari eman beharrean, bi seme fusilatu zizkiotela jakin zuenean, bertsoen bidez sentimendurik sakonenak eta mingarrienak adierazirik horrela. Oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginen barruan kokatuta dagoen lana da, historiako garai ilunak dakarzkiguna. Gerren alderdi teknikoen eta historikoen deskribapenaz haratago joanda, borrokaldiek gizakiengan sortzen duten sufrimenduaren inguruko hausnarketa ziztakaria.
Ametx erakunde autonomoan eta Labayru Ikastegian eskuragarri izango dira lanaren aleak.
Pio Perez Aldasoro (Pasai Donibane, 1963) izan da proiektua burutu duen ikertzailea. Gizarte Antropologian doktorea eta UPV/EHUko irakasle agregatua, Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Egun, (MHLII) Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan Ikertaldearen partaidea da.
Azken urteetan, memoriaren antropologiaren inguruko auziak izan ditu ikerketagai. Besteak beste, biografiak, testigantzak, traumak eta gogoratzeko edo ahazteko moduak landu ditu, gehienbat 1936ko gerra zibila ardatza hartuta.
Santiago Onaindia bekaren XIII. edizioa
Abian jarri du, bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak, bekaren XIII. edizioa.
Santiago Onaindia bekak 9.000 euroko zuzkidura dauka, eta lana burutzeko epea urtebetekoa da. XIII. edizioan parte hartzeko interesa dutenek Ametx erakunde autonomoko erregistroan (Zelaieta zentroa, Zelaieta parkea z/g, 48340 Amorebieta-Etxano) aurkez dezakete proiektua, uztailaren 15era bitartean. Informazio gehiago nahi izanez gero, Ametx erakunde autonomora dei daiteke (946300650) edo erakundearen web orrian www.ametx.net argitaratu diren oinarriak kontsultatu.
Santiago Onaindia
Santi Onaindia Amoroton jaio zen 1909an. Hamabi urte zituela, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan duten komentuan sartu zen, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emango zituen bertan, lan eta lan nekerik gabe.
Gerra Zibilaren aurretik ekin zion olerkiak idazteari. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituen, eta erbesteratua ere izan zen. Sasoi hartakoa da Milla euskal olerki eder (1954) poesia antologia. Euskarazko olerkigintzari buruz inoiz idatzi diren lanik osoenetako bat da. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zelarik, orrialde haietan, lirika-lehiaketen bidez batik bat, olerkari berriak bultzatuaz egindako lana nabarmentzekoa da. Halaber, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak: Goethe, Dante eta Virgiliorenak besteak beste.
Bertsolaritzarekin lotutako hainbat eta hainbat lan ere argitaratu zituen. Gure Bertsolariak (1964) antologia besteak beste. Euskaltzaindiko ohorezko kidea izan zen, eta Euskal Letren saria eman zioten 1990an.

Artículo anteriorIbaizabal ibaia, Andra Mari eliza (Imanol Aragon argazkia)
Artículo siguienteBizkaiko XLI. Binakako Bolo Txapelketa Sailkapenak