Pedro Uriguen gudaria etxera itzuliko da

Mendatan hil zuten faxistek 1937ko apirilaren 29an

Aranzadi Zientzia Elkartea Mendatako Marmiz auzoan Pedro Uriguen gudarien gorpuzkiak lurretik atera ditu. Paco Etxeberriak zuzendutako lantaldeak Otxandioko batailoian aritu zen gudari zornotzarraren DNA azterketa egin eta gero familiari itzuliko dio gorpua bere herrian lurperatua izan dadin. Gora Euskadi askatuta! ohikatu zuen buruan tiroa hartu baino lehen eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak, Monika Hernandok esan duen moduan, lanen helburua “familiari garai batean kendu zizkieten eskubideen zati bat itzultzea da”.
4 (Copiar)
Zornotzako Boroa auzoko Biesko baserrian jaiotako Pedro Uriguenek 25 urte zituen hil zutenean. Otxandioko bataloiak urtarriletik martxora bitartean Elgetan jardun zuen borrokan. Gero Akarregin (Markina). Martxoaren 31n, Durangoko bonbardaketan gizonen bat galdu zuen, eta apiril amaieran Markina-Lekeitio gunearen erretirada babestu zuen. Apirilaren 29an, Otxandioako bataloia Ajangizen erretiratu egin zen, 30 baja inguru eta hamarren bat hildako izan eta gero, tartean, Luis Goiria kapitaina. Pedro Uriguen hanka zaurituta, odoletan heldu omen zen Mendatara, eta bere guda-lagunak beherago hilda gelditu ziren. Faxistek harrapatu eta Arriba España ohiukatzea agindu zioten. Honen erantzuna berriz: Gora Euskadi askatuta! Orduan tiroz hil zuten faxistek.
“Ondoko baserrikoek sabaiko leiho batetik ikusi zuten dena. Gauean ezkutuan, faxisten beldurrez, lurperatu zuten. Baina lehenago dokumentazioa hartu eta Larrako komentura eraman zuten eta horrela jakin izan dugu zer gertatu zen eta non zegoen lurperatuta”, kontatzen du Pedroren loba batek, Karmelek.
Bere ahizpa Mari Terek berriz, Mendatara joandako lehen aldia gogoratzen du: “Amama, izeko eta ni neu joan ginen lehenengoz tokia ikustera eta ordutik ona ia urtero joan izan gara. Hala ere gerra ostean beldur handia genuen eta kalean berba gutxi egin dogu honetaz. Duela urte batzuk gurutze bat eta argazkia jarri genduan bertan”.

“Osabaren hezurrak lurpetik atera zituzten unea gazi-gozoa izan zen, une gogorra baina pozez beterikoa. Azkenean Zornotzara itzuliko da eta denok ohiukatuko dugu GORA EUSKADI ASKATUTA!!!

Artículo anteriorLAGUN ONAK PILOTA ELKARTEKO PILOTARIAK
Artículo siguienteANDRA MARI IKASTOLA: SOLASALDI PEDAGOGIKOAK