Maskaradak

Zuberoako maskaradak inauterien funtzio soziala, aztarna sinbolikoa eta dantza miragarriak biltzen dituen erritual ikusgarriak dira.

Herri bateko gazteek hartzen dute bere gain maskaradak prestatu eta herriz herri eramateko ardura. Ez da erabaki erraza, herri txikiak baitira gehienak, eta horrelako erronka bati aurre egiteko, herriko ia-gazte guztiek hartu beharko baitute lanen bat. Ongi trebatutako dantzariak behar dira, ahots gozoko kantariak, trufa eta ankerkerietarako prest dauden gazte sendoak, probokatzaileak eta esatari txukunak izango diren antzerkilariak, eta baita musikariak ere.

Urtarrileko bigarren edo hirugarren asteburuan hasita, pazko iganderarte luzatzen dira azken urteotan maskaraden egutegiak. Igande goizean iristen da maskaradarien taldea dagokien herrira. Barrikada sinboliko bat dute harrera eginez. Dantzan eta kantuan eginez iragan, eta lehen jan-edanetaz gozatzeko eskubidea irabaziko dute. Barrikadak, dantzak, kantuak eta jan-edanak goiz osoan errepikatzen dira auzoz auzo.
Konpartsa koloretsua eta zaratasua osatzen dute maskaradariek. Dantzari finak dira gorriak. Basatiak, zirikatzaileak eta zalapartatsuak beltzak. Eztarri finez bi ahotsetara kantatzen dute txorrotxek aurkezle lanak eginez, eta kritika soziala eta irria eragiteko etorri bihurria darabilte kautera eta buhameek.
Zuberoako dantza teknika berezian trebatutako bost aitzindariek –zamaltzainak, txerreroak, kantiniersak, gatuzainak eta entseinariak– dantzarako dohain harrigarriak erakusten dituzte. Dantza-jauziak urrats neurtuz eta lurra laztanduz dantzatzen dituzte, baina barrikada, gabota, branletik jaustia edo godaletean grabitateari desafio egiten diote dantzari zuberotarrek. Gora jauzi eta frijat eta antrixatekin lurretik askatzen dira, baina ez dira zerura begira ari dantzan. Europako mendebaldeko dantza tradizional gehienetan bezala, lurrarekin dantzatzen dute zuberotarrek ere. Jauzi egiterakoan ahalik eta goren egiten dute, baina goitik beherakoa ere indarrez burutzen dute. Txirula, ttun-ttuna, atabal eta arrabiten doinuek markatzen dituzte dantzarien oinek lurra hartzen duten puntuak.

(eke.org web orrialdeko informazioa)

Artículo anteriorIndignación ante la puesta en libertad del agresor sexual
Artículo siguienteRECONOCIMIENTO A LOS MUNICIPALES CON MÁS DE 20 AÑOS DE SERVICIO