LIBRE EGUNA: Elkarrizketa Amaia Aurrekoetxea Legorburu, Libre dinamikako kidearekin

Zer dela eta Libre eguna antolatzeko beharra?
Libre eguna aldarrikapen egun bat da. Amorebieta-Etxanoko Herriko Belatxikietarekin batera Euskal Herrian beste 105 herriko taberna ixteko arriskuan baitaude, 1936ko Espainiar gerra zibiletik ona Gobernu espainiarrak gauzatutako konfiskazio politiko handiena abiaraziz.
Herrikoak, herriak herritik eta herriarentzat proiektu politiko bat garatzeko sortu eta gorpuztutako gune askeak izan dira, euskal mugimendu nazional eta sozial askatzailearen motorra. Hori horrela izanik, ideia politiko batzuen jazarpena eta kriminalizazioa bilatzen du Estatuak, horretarako eskura duen makinaria bortitzena martxan jarriz. Ondorioz, finean Euskal Herria bera eta euskal herritarrok gara etengabe estatuaren jo puntuan gaudenok, herri oso bati ukatzen zaiolako Libre izatea.

Zein da momentu honetan Belatxikieta elkartearen egoera juridikoa?
Herriko Belatxikieta elkartearen lokala dago sumariopean eta ixteko arriskuan. Lokalaren arduraduntzat izendatu eta sumario berean egon den Zornotzako herritarra zorionez dagoeneko kargurik gabe sumariotik kanporatua dago.
Egoera surrealista dugu beraz, izan ere elkarte legal baten lokal edo egoitzen ixteko agindua dagoelako emanda. Elkartearen aurkako inongo kargurik ez dagoelako!
Hortik aurrera ezer gutxi dakigu. Argi dugu erabaki politiko bati erantzuten diola auzi honek eta ondorioz Estatuak bere interes eta kalkuluen beharrizanen araberako parametroetan markatuko digula egutegia. Dagozkion errekurtsoak jarrita daude, beraz, orain itxarotea dagokigu.
Zein izan da Belatxikieta elkartearen historia eta herrian izan duen zeregina?
Herriko Belatxikieta 1985eko uztailaren 15ean inauguratu zen. Garaian bazkide ugarik egindako diru ekarpenari esker izan zen posible lokalaren irekitzea eta gaur egun arte Zornotza berri, gorri, euskaldun, alai… baten eraikuntzan eta garapenean ezinbesteko erreferente bilakatu da. Bertan sortu, antolatu eta gorpuztutako taupada, energia, indar, ilusio eta grina herri osora hedatuz, elkartearen sorreran marraztutako ipar politikoen bidean ekintza eta jarduera ugari garatuz eta bultzatuz¸ ekimen kulturaletatik hasita, hitzaldi informatibo eta mahai inguruetara arte.

Herriko Belatxikieta Zornotzaren eta zornotzarron biziaren eta historiaren parte da. Amets eta jabetza kolektiboa izan delako. Lau horma horiek gutariko askoren lehen muxuen testigu ixil izan dira, gau beroen kabia, elkarrizketa eta eztabaida bizi, aberats, intentsu eta pasiozko amaigabeen epaile, dantza ero askatzaileen laguntzaile… Herriko Belatxikieta Zornotzako herriaren memoria kolektiboa da.

Nola baloratzen duzue azaroaren 21eko libre eguna?

Lan egiteko erabili dugun modua izan da onena eta azpimarragarriena. Herriko eremu desberdinetatik eratorritako jendeak osatutako lan talde ezberdinek egin eta osatu baitute egitaraua, belaunaldi desberdinak elkarlanean jardunez kolektibitate indartsua sortuz. Horrez gain, edota beharbada horren ondorioz, orokorrean herriak oso jarrera positiboa, arduratsua eta konplizea izan du. Libre egunean herri honek duen potentzialitatearen argazkia irudikatu da eta ikusi dugu geure buruarengan eta geure indarretan sinetsiz gero, inoren baimen, tutelaje edota injerentziarik gabe jardun dezakegula. Herri hau bizirik dagoela eta batasunaren indarraz, ilusioz eta anbizioz ekinez gero edozertarako gai garela erakutsi dugu.

Zein izan da libre egunaren helburua?

Libre egunarekin festa eta aldarrikapena uztartu nahi izan dira, ez gehiago ezta gutxiago ere.
Lehen aipatu bezala alde batetik auzolana eta herri aktibazioa lortu nahi izan dira eta bestetik herriaren kontzientziazioan eragin nahi izan da, bitarteko eta molde partehartzaile, erakargarri eta eraginkorren bitartez.
Horretaz gain, argi genuen egun hau ezin zela bere horretan helburu bilakatu, libre egun honek inflexio puntu izan behar lukeelako, dinamika indartsu berri baten bitarteko eta suziri! Aurrerantzean bidea gutxika egin beharko da emandako pausoak ondo aztertu eta finkatuz, baina egun honetan osatutako kolektibitateak, filosofiak eta transbertsalitateak etorkizunean herri bezala geure emantzipaziorako bidean pendiente daukagun prozesu eratzaile propioa garatzeko mugarri izan beharko litzatekeela deritzogu.

Libre egunaren ondoren zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Hori, hemendik aurrera denon artean zehaztu eta erabaki beharko dugun arren, lan egiteko moduarekin aurrera jarraituz etor daitezkeen erasoen aurrean zein erantzun eman behar dugun denon artean erabaki eta batez ere hemendik aurrera zer eraiki nahi dugun hausnartu beharko genukeela uste dut. Helburua ezin baita izan soilik erasoei erantzutea, baizik eta aurretik aipatu bezala Estatuaren oldarraldi indiskriminatu berri hau baliatuz ofentsiba politiko-sozial berri bati ilusioz, kolektiboki, inteligentziaz, pasioz, batasunez eta eraginkorki ekitea baino!

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2015

Ir arriba.