Kike Amonarrizen hitzaldia

Zornotza herri euskalduna da. 18.700 biztanle inguru gara, horietatik %52,9k ondo dakigu euskaraz eta %22,7k ulertzeko gaitasuna dute; baina azken neurketaren arabera kalean entzuten diren elkarrizketen %23 baino ez dira euskaraz.
Datu horiek ikusita, badaukagu zeregina gure herrian euskararen erabilera bultzatzeko. Zeregin horretan udalak badauka erantzukizuna, baina herritarron ardura eta lana ere bada. Lan horri heltzeko behar-beharrezkoa da euskaltzale guztiak aktibatzea.

Hori dela eta, Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia, Euskarak 365 egun ekimena Zornotzan ere martxan jartzeko dei zabala egin gura dugu.
Zer da Euskaraldia, Euskarak 365 egun? Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera daukaten pertsonak aktibatzeko ekimena da; hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina, norberarena eta kolektiboa, eguneroko bizitzan gaztelaniara jotzeko ditugun inertziak apurtu gura dituena, herritarrek eta instituzioek batera landuko dutena. Zornotza euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izateko, euskara bihotzetik ahora ekarri gura dugu, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest entzuteko.
Horretarako, euskaltzaleon parte hartzea sustatu behar dugu, eta euskara talde bat sortu. Lan horretan hasita gaude, eta lehenengo helburua 11 Egun Euskaraz kanpaina antolatzea izango da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Hara ailegatu arteko bidea ahalik eta herritar gehienen eskutik egin gura dugu.
Euskaraldiari ekiteko Kike Amonarrizen hitzaldia antolatu dugu. Gutun honen helburua dei egitea da, zeu ere bertara etorri zaitezen. Deia egiten dugu udalean ordezkatuta gauden indar politikoen ordezkariok, eta Zornotzako bizitza sozialean euskaraz bizitzea aukeratu dugun hainbat herritarrok. Kike Amonarrizek Euskaraldiaren berri zuzena emango digu. Ekitaldiaren amaieran ekimen honetan parte hartzeko interesa dutenentzako bidea zabalduko da.
Zornotza euskalduna gura duzu? Egingo dugu?
Kike Amonarrizen hitzaldia
Otsailaren 28an, asteazkena, 19:00etan
Zelaieta zentroko auditoriumean

Zornotzako euskaltzaleak batu gura ditugu, eta eskertuko genizuke bertara etortzea eta zure inguruan honen berri zabaltzea.

Beste barik, otsailaren 28an elkarrekin egoteko aukera izango dugulakoan, agurtzen zaitugu.

Artículo anteriorAlex Txikon ya ha llegado al campo 2
Artículo siguienteMARTXOAK 8: EMAKUMEEK ZORNOTZAN ERE PLANTO EGINGO DUTE